ELTZIA proiektuaren baitan lehen musika entsegu-lokalak egokitzeko lanen lizitazioari hasiera eman zaio hartarako baldintza plegoa onartuta.

2015/01/26
Card image cap
Deialdia, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

  Musika Eltziaren proiektuak neurri ezberdineko 13 entsegu lokal, bi gela haundi eta grabazio estudio bat egokitzea aurre ikusten du. Orain, proiektuaren lehen fasean, 30-35 metro karratu inguruko 10 lokal eta 65 metro karratuko gela egokituko da.

  Udal gobernu taldeak esleipenerako baldintza plegoa onartu zuen azken bileran. Horren arabera, lanak lau hilabeteko epean egin beharko dira eta lizitazio prezioa, BEZa barne, ia 459 mila eurotan mugatu da. Horrek esanahi du lizitaziora aurkezten diren enpresek prezio horren pareko edo merkeagoak diren proposamenak egin beharko dituztela. Eta merkatzeak izango du saririk, esleipenerako irizpideko nagusia, eskaintza ekonomikoa izango baita. Gehienera lortu daitezkeen 100 puntuetatik 80, proposamen merkeenak jasoko baititu. Kontutan hartu eta baloratuko diren beste irizpide batzuk, lanen berme epea luzatzea, enpresaren baliabide tekniko eta pertsonalak eta bestelako hobekuntzak izango dira.

  ETEOko eraikin zaharraren erdi sotoa berrituz, hainbat musika entsegu lokal egokitzeko lanen baldintza zerrenda onartuta, lizitazioa deialdia publiko egingo duen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, proposamenak aurkezteko ohiko epea irekiz.

  Esleipena bideratzeko denbora ere beharko dela kontutan hartuta, udazkena izango da ETEOn lehen entsegu lokalak amaitzerako.

  Hurrengo faseetan, 20 metro karratu inguruko beste hiru entsegu lokal, 50 metroko gela eta grabazio estudioa prestatzea aurre ikusten da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!