Eltzia aurreko aparkalekuak libre utzi beharko dira astelehenerako

2017/05/05
Berdegunean 'Ur uhinak' parkea egokitzeko lanak hasiko dira

  Eltzia, ETEO eraikin zaharraren aurrealdeko berdegunean Ur uhinak parkea egokitzeko lanak hasiko dira astelehenean. Ordurako libre egon beharko dira San Lorentzo eta Ugarkalde lotzen dituen bidearen alde bietako aparkalekuak. Horren berri ematen duten jakinarazpenak gaur-bihar artean jarriko dira inguruan.

  Aparkalekuak libre utzi beharko dira lanak errepide inguruan hasiko direlako eta horrek autoen joan-etorriari eragingo dio. Astelehenetik aurrera eta hamar bat egunetan, San Lorentzo eta Ugarkalde arteko errepidearen karril bakarra egongo da zabalik eta bertatik bideratuko dira Ugarkaldera doazen ibilgailuak. Ugarkaldetik San Lorentzorako bidea berriz, Eltziako aparkalekutik barrena egingo da. Trafiko norabide aldaketa hori ere behar bezala adieraziko du udaltzaingoak. Baina gogoan hartu, Eltzia aurreko aparkalekua osorik libre utzi beharko dela astelehen goizerako.

Iturria: Oñati Irratia