"Elkarri lagunduz" proiektua ekainaren 30ean amaituko da

2017/06/12
Card image cap
Txantxiak zirkulaziotik erretiratuko dira eta eurotara aldatzeko abenduren 31ra arteko epea izango da

  2014ko urrian jarri zen martxan Elkarri lagunduz proiektua. Egitasmoak hainbat helburu zituen: herritarren gastu-ihesa mugatu eta  kontsumoa fidelizatzea, herrira gerturatzen diren langileen gastua suspertu, tokiko saltoki txikien eskaera sostengatu eta erraztu eta tokikoa denarekiko konpromisoaren sentsibilizazioa egitea, besteak beste. Horren haritik Txantxi  izeneko tokiko moneta sortu zuen udalak eta hasierako urtebeteko frogaldira 91 establezimendu atxiki ziren. Iazko otsailean ekimenaren balorazioa egin zen proiektura atxikitako merkatariekin batera, eta hobetze aldera, txantxien iraungitze data 3 hilabetetik 6ra luzatzea erabaki zen. Bide batez, egitasmoa 2017ko ekaina amaierara arte luzatzea erabaki zen. Orain, maiatzean, proiektuaren mahai teknikoa bildu zen balorazio berria egiteko. Merkatariengana jo zen berriro hauen iritzia jasotzeko eta txantxien erabilera partikularra, herritarrena, azken 5-6 hilabeteetan jaitsi dela eta batez ere, dendariek beraien artean erabiltzen dutela ondorioztatu zen. Hainbat dendarik proiektuan jarraitzeko intentzioa azaldu zuten arren, beste batzuk baja emango zutela jakinarazi zuten. Kopurutan, 43 establezimenduk jarraitzeko asmoa agertu zioten mahai teknikoari. Iritzi eta datu horiek gogoan, Sozioekonomia Batzordeak azken balorazioa egin du eta honen proposamenez, Elkarri lagunduz proiektua ekainaren 30ean amaitzea erabaki du tokiko gobernu batzarrak.

  Txantxiak dituzten herritar eta merkatariek urte amaierara arteko epea izango dute eurotara aldatzeko. Trukea udal bulegoetan egingo da eta txantxien balio nominalean gauzatuko da, hau da, inolako penalizaziorik gabe, txantxi adina euro jasoko dira trukean.

  Elkarri lagunduz proiektuak gizarte funts bat pilatu du bi urte eta erdi hauetan. Zenbatekoa den ezin da zehaztu oraindik, azken datuak jasotzeko baitaude, baina helburua, herriko proiektu bati  bideratzea da laguntza kontzeptuan. Bildu den gizarte funtsa zertara, zein talde edo ekimenera bideratu daitekeen proposatzea eskatuko zaio mahai teknikoari eta atxikita egon diren establezimenduei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!