Elkarretaratzea egingo da arratsaldean plazan Kataluniako auziperatuei elkartasuna adierazteko

2019/02/12
Card image cap
"Konponbidea Democracia Llibertat" lelopean deitu du elkarretaratzea Gure Esku Dago taldeak

  Goizean hasi da Madrilgo Epaitegi Gorenean Kataluniako 12 agintarien aurkako epaiketa. Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart, Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Turull, Josep Rull, Dolors Bassa, Santi Vila, Carles Mundo eta Maritxell Borras dira auziperatuak. 2017ko urrian Katalunian independentziaz erreferenduma antolatzeagatik matxinada, desobedientzia eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen diete. Kataluniako auziperatuei babesa adierazteko ekintza ezberdinak antolatu ditu Gure Esku Dago taldeak, elkarretaratzeak hiri eta herrietan eta alor ugariko 68 lagunek sinatu duten manifestua, esaterako.

  Gaur goizetik jada Kataluniako auziperatuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak egiten ari dira han-hemenka. Oñatin, 19:00tarako deituta dago plazan, Konponbidea Democracia Llibertat lelopean.

  Hainbat oñatiarrek ere izenpetu dute Gure Esku Dagok sustatu duen manifestua. Buruzagi sozial eta politiko subiranista katalanak berehala aske uztea eskatzen da manifestuan, haien espetxeratzea bidegabea dela gaineratuz. Salbuespenezko bide judizial, juridiko edo prozesalak indargabetzea ere eskatzen da, 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako kausa guztiak bertan behera utzita. Eta elkarrizketari eta negoziazioari ekiteko deia egiten da, herritarren borondatearekiko begirunean eta balio demokratikoetan oinarritutako konponbide politikoa posible izan dadin. Konponbide politikoari bidea ireki behar zaiola ere aipatzen da  manifestuan. Amaieran berriz, demokrazian, bozkatzea ezin dela delitu izan konponbidea baizik aldarrikatzen dute Gure Esku Dagoren agiria bere egin duten 68 lagunek, tartean, Ruper Ordorika eta Evaristo Paramos musikariek, edota Joserramon Bengoetxeak, Oñatiko Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko izan zenak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!