Elkarretaratzea deitu da Santa Ana aurrealdean bihar, InformaTU-k gonbidatu duen hizlariaren kontra protesta egiteko

2021/04/26
Cristina Martin ultraeskuindarra dela diote deitzaileek

  Sare sozialen bitartez, lehenik, eta kartelak jarriz, ondoren, herritar talde batek bere kezka eta salaketa azaldu zuen InformaTU taldeak biharko antolatu duen hitzaldiaren harira. Cristina Martin idazle eta kazetaria gonbidatu da Pandemiari buruzko egia izeneko hitzaldia ematera. Baina Martin ultraeskuindarra dela eta hitzaldia hasi aurretik elkarretaratzea egiteko deia zabaldu da.

  Cristina Martin elementu faxista dela dio biharko elkarretaratzea deitu duen  herritar taldeak; etorkin, mugimendu feminista, eutanasia edota abortuaren kontrako mezuak zabaltzen dituela salatu dute  eta horretarako, Martinen Instagramen zintzilikatutako komentarioak hartu dituzte oinarritzat.

  InformaTU taldeak bere aldetik, pertsona ezberdinez osatutako taldea dela eta informatu eta gogoeta egiteko helburuz bildu den taldea dela argitu nahi izan du kalean jarri diren kartelen bidez. Errespetuaren, askatasunaren eta oinarrizko eskubidearen alde egiten dutela diote hitzaldiaren antolatzaileek eta hedabide ofizialek ezagutzen ez dituzten profesionalei ahotsa ematen dietela.

  Baina Cristina Martinen hitzaldiaren aurka azaldu diren herritarrek, mezu ultraeskuindarrak ez Oñatin ez inon onargarriak ez direla aldarrikatuz, elkarretaratzea deitu dute, bihar, Santa Ana antzoki aurrealdean, hitzaldia hasi baino ordu erdi lehenago, hau da, 18:30tan.
 
Iturria: Oñati Irratia