Elikagaien bilketa handia egingo da asteburuan

2019/11/18
Boluntarioak behar dira dendetan kanpainaren berri eman eta produktuak jasotzeko

  Aurten ere herriko sei janari dendek parte hartuko dute Elikagaien Bankuko urteko bilketa nagusian. Lokaletan, kanpainaren berri ematen duten oharrak jarriko dira eta elikagai ezberdinak uzteko karroak prestatuko dira. Gainera, laguntza dirutan eman nahi dutenentzat kutxak jarriko dira. Lau denda handienetan gainera, bilketa zuzenean boluntarioek egingo dute eta laguntzeko gertu dauden herritarrak behar dira, txandak arintzeko.

  Oñatin, ACESMA elkartea arduratzen da boluntarioak topatu eta hauen lana koordinatzeaz. Laguntzeko gertu dauden herritarrek izena eman behar dute Ibis Rodriguezekin harremanetan jarrita. Telefono zenbaki bat zabaldu da izena emateko: 688 846 293. Boluntario diren guztiekin batzar txiki bat egingo da asteazkenean, kanpainaren berri eman eta bakoitzak egin beharreko lana azaltzeko. Bilera Gaztetxean egingo da, 19:30tan.

  ACESMA, ikastetxeak, Parrokiako Misio taldea eta herriko beste elkartasun taldeetako kideek aktiboki parte hartu ohi dute Elikagaien Bankuko bilketa nagusi honetan, baina halako loturarik izan gabe, ostiral edo zapatuan, bi orduko txandetan laguntzeko prest dauden herritarrei izena emateko eskatzen zaie.

  Errekaldeko dendan, San Migel Kooperatiban, Eroski Center eta Eroski Cityn, Olakuako Super BMn, eta DIAn jasoko dira Elikagaien Bankurako produktuak, ostiralean eta larunbatean. Errekaldeko dendan eta San Migel kooperatiban produktuak uzteko orga edo karroak jarriko dira eta bertako langileak arduratzen dira betetako karroak erretiratu eta berriak jartzeaz. Beste lautan, boluntarioak arituko dira herritarrek emandakoa jaso eta kaxetan ordenatzen.

  Laguntza bolumen handia pilatzen da urtero Oñatin eta horregatik, hainbat orduz lagunduko duten boluntario ugari behar dira.

Iturria: Oñati Irratia