Elikagaien bilketa handia egingo da asteburuan

2018/11/26
Kanpainaren berri eman eta produktuak jasotzeko boluntarioak behar dira ostiral eta larunbaterako

  Aurten ere herriko bost janari dendek parte hartuko dute Elikagaien Bankuko urteko bilketa nagusian. Lokaletan, kanpainaren berri ematen duten oharrak jarriko dira eta elikagai ezberdinak uzteko karroak prestatuko dira. Gainera, laguntza dirutan eman nahi dutenentzat kutxak jarriko dira.

  Egun horietan produktu eta erosle kopuru handiena EROSKIn egoten dela jakinik, boluntarioak izaten dira kanpainaren berri zuzena ematen, premia gehien dagoen produktuen zerrendak banatzen eta herritarren laguntza jaso eta kaxetan prestatzen. Beste dendetan bertako langileak arduratzen dira betetako karroak erretiratu eta berriak jartzeaz. Zorionez, laguntza bolumen handia pilatzen da eta horregatik, egunean hainbat orduz lagunduko duten boluntario ugari behar dira. Oñatin, ACESMA elkartea ari da boluntarioak topatu eta hauen lana koordinatzen. Laguntzeko gertu leudeken herritarrek izena eman dezaten kartelak jarri dira kalean. Parrokiako Misio taldeko ordezkariak edota beste elkartasun taldetako kideek ere aktiboki parte hartu izan dute aurreko urteetan Elikagaien Bankuko bilketa nagusi honetan, eta aurten ere hala egitea espero da. Baina halako loturarik ez izan arren, ostiral edo zapatuan, bi orduko txandetan laguntzeko prest dauden herritarrei izena emateko eskatzen zaie. Harremanetarako, telefono zenbaki bat zabaldu da: 688 84 62 93. Kalebarriako 51an dagoen lokaletik pasata ere izena eman ahal izango da.

  Arantzazuko Ama kaleko Eroski Center-en ez ezik, Olakuako Super BMn, Kalebarriako San Migel Kooperatiban eta Errekaldeko dendan eta Eroski Cityn ere Elikagaien Bankurako produktuak jasoko dira ostiral eta larunbatean. Laguntza dirutan eman nahi dutenentzat ere, kaxak jarriko dira herriko bost janari dendetan.

Iturria: Oñati Irratia