Elikadura burujabetzari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Ortuzabala elkarteak

2016/03/29
Card image cap
Apirilaren 12tik 22ra, hitzaldiak, dokumental emanaldiak eta solasaldiak egingo dira Kultur Etxean

  Jardunaldiak irekitzeko eta elikadura burujabetza kontzeptua zertan den azaltzeko, izenburu berbera duen hitzaldia emango du Paul Nicholsonek. Nicholson EHNE sindikatuko ordezkaria da eta Via Campesina mugimenduko kide. Lehen hitzaldi hau apirilaren 12an izango da, 19.00tan, Kultur Etxean. Hiru egun beranduago berriz, Elikadura Burujabetza eta Ekonomia Feminista: elkar elikatzea izeneko hitzaldi-tailerra gidatuko du EHNEko kide ere baden Esti Redondok. Apirilaren 15eko hitzaldi tailer hau 18.30tan hasiko da.

  Apirileko hirugarren astean ere, astearte eta ostiralean izango dira elikadura burujabetzari buruzko jardunaldiak. Asteartean, hilaren 19an, Bide Berriak izenburudun dokumentalaren emanaldia izango da eta ondoren solasaldia. Ikus-entzunezkoaren ondorengo elkarrizketa Bizi lur elkarteko Mirene Zufiarrek bideratuko du. Ostiralean azkenik, hitzaldi berria entzun ahal izango da Proiektu agroekologikoak: ideien lurreratzea izenburupean. Hitzaldi hau bi lagunek emango dute, Basherri sareko Aintzira Oñaderrak eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Uztaro nekazaritza kooperatibako kide den Mirene Begiristainek.

  Ekintza guztiak kultur etxean izango dira eta 18.30tan hasiko den hitzaldi tailerra izan ezik, gainontzekoak 19.00tan hasiko dira.

  Ortuzabala nekazaritza eta kontsumo taldeak hurbileko eta sasoiko hazi eta produktuen garrantzia aldarrikatuz Elikadura burujabetzari buruko jardunaldi irekiak antolatu ditu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!