Ekitaldi xume batez ospatuko da Arantzazuko Ama Gipuzkoako zaindari dela, igandean

2018/09/07
Card image cap
Ahaldun nagusi Markel Olanok testu bat irakurriko du frantziskotarrek eskatuta eta lore eskaintza egingo da

  Frantziskotarren espiritua jarraituz, ekitaldi xume batez gogoratu eta ospatuko da igandean Arantzazuko Ama Birjina Gipuzkoako zaindari izendatu zela orain ehun urte. Frantziskotarrek eta Ahaldun nagusiak adierazpen bana irakurriko dute eta lora eskaintza egingo da.

  Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariez gain, Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra eta Oñatiko Udaleko ordezkariak hurbilduko dira domeka goizean Arantzazura. Mikel Biain alkateak guztiei ongi etorria emango die Santutegi aurrealdean. 11:45 inguruan izango da, eguerdian meza nagusia hasiko baita. Jaurlaritza eta Diputazioko ordezkariak Jose Inazio Munilla gotzainak zuzenduko duen elizkizunera joatea aurre ikusten da. Baina domekako meza aukera zabala izango da Arantzazun: eguneko lehena goizeko 10:00tan izango da eta 12:00tan, meza nagusia, 13:30tan, gazteleraz, eta 19:30tan, eguneko azkena.

  Etxeratek deituta bestalde, urtero moduan, presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo da, 11.30tan. Lineako autobusa hartzea gomendatzen dute antolatzaileek. Aukera faltarik ez da izango, Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu egingo baita. 7:30tatik 14:30ak arte, orduerdiro egongo da zerbitzua. Bi autobus ibiliko dira gora eta behera eta hirugarren autobus bat ere jarriko da errefortzu moduan.

  Ohiko bide segurtasun protokoloa jarraituko da: Santutegi aurrealdeko aparkalekua elbarri eta baimendutako ibilgailuentzat soilik gordeko da. Lehenengo autoak, Sindika eta Goiko Bentako aparkalekuetara bideratuko dira. Horiek beteta, ibilgailuak, plaza azpiko aparkaleku mailakatuetara zuzenduko dira. Aparkaleku  guztiak betetzen direnean Arantzazurako errepidea itxi egingo da eta Santutegira igotzeko modu bakarra autobusa izango dela jakinarazi digu udaltzain buruak.

  Eta oñatiar askok oinez igotzeko ohitura berrituko du. Parrokiak antolatutako peregrinazioa, goizeko 7:00etan abiatuko da eliza ondotik eta 8:00etan frantziskotarrekin bat egingo du, Zapata parean. Hortik gora, otoitzean jarraituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!