Ekintzaileentzat preskuntza tailerrak antolatu ditu Mankomunitateko Garapen Agentziak

2018/01/19
Iraupen eta gai ezberdinen inguruko 5 tailer antolatu ditu otsaila eta martxorako

  Bere negozio ideia garatu eta enpresa bihurtu nahi duten, edo dagoeneko enpresa sortzeko urratsa eman berri duten ekintzaileentzat, prestakuntza tailerrak antolatu ditu Debagoienako Garapen Ekonomikorako Agentziak. Era honetako formakuntza tailerrak aldika antolatzen ditu mankomunitateak, hurrengoak, otsaila eta martxoan egingo dira.

  Negozio plana egiteko tailerra da oraingo antolatu direnen artean luzeena, 12 ordukoa, hain zuzen. Otsailaren 21, 22 eta 23an egingo da, 9:30tatik 13:30ra. Otsailean bertan, 28an, ekonomia eta finantza modulua egingo da, oinarrizko kontzeptuak landuz: zelan kalkulatu prezioa edota kontrola egiteko tresnak. 6 orduko tailerra izango da eta 9:30tatik 13:30tara eta 15:00tatik 17:00ra emango da. Ekonomiarekin lotuta bigarren tailer bat ere izango da, martxoaren 14an, eta fiskalitateari buruzko oinarrizko ezagutzak landuko dira, Pertsona Fisikoen Errenta Zerga edota BEZa gaiak landuko dira. Ikastaro hori ere 6 ordukoa izango da. Martxoaren 7 eta 21erako berriz, 4 orduko tailer laburrakoak antolatu dira. Martxoaren 7an, negozioa martxan jartzeko aukera eta tramiteak azalduko dira: eredu juridiko ezberdinak, administrazioa, fiskal eta lan tramiteak, besteak beste. Martxoaren 21ean amaitzeko, komunikazioa landuko da bereziki, eta ondo komunikatzeko teknikak ikasiko dira, ideia eta produktu on bat izatea bezain garrantzitsua baita hori saltzen jakitea, eta horretan hitza, komunikazioa, oinarrizkoa.

  Tailerrak doan dira eta batean edo gehiagotan parte hartu daiteke. Baina plazak mugatuak dira eta aurrez izena ematea eskatzen da. Gainera, gutxieneko partaide kopuru bat elkartuko ez balitz, tailerra bertan behera geratuko litzateke. Informazio gehiago edota izena emateko www.debagoiena.eus atarian sartu behar da.

Iturria: Oñati Irratia