Ekainaren 26ko hauteskunde orokorretarako egutegia martxan da

2016/05/04
Botoa posta bidez emateko eskaerak egin daitezke jada

  Diputatuen Kongresua eta Senatua desegin eta hauteskunde berriak deitzeko dekretua atzo arratsaldean argitaratu zen BOEn. Hortik aurrera, hauteskunde orokorretarako egutegia martxan jarri da.

  Hauteskunde orokorretan, espainiar nazionalitatea duten 18 urtez gorakoek eman dezakete bozka. Erroldatutako herrian daudenek, eta arrazoi ezberdinengatik kanpoan daudenek ere bai. Horiek, botoa postaz eman ahal izango dute. Dagoeneko zabalik dago, botoa postaz eman ahal izateko eskaera epea. Tramitea, estatuko edozein posta bulegotan egin daiteke ekainaren 16ra bitartean. Atzerrian daudenek, dagokien kontsulatuan egin beharko dute maiatzaren 28a baino lehen. Ikusmen arazoak izaki Braille botoa eskuratu nahi dutenek ere aurrez eskatu behar dute. Hilaren 30ean amaitzen da horretarako epea.

  Baina botoa eman ahal izateko, hautesleen zerrendan agertu behar da. Zerrenda horiek, datorren astean, hilaren 9tik 16ra udaletxean ikusi ahal izango dira. Botoa emateko eskubidea dutenek beren datuak ondo daudela egiaztatu behar dute zerrendak ikusiz. Hau da, izen abizenak eta helbidea ondo daudela. Hala ez bada, okerra zuzentzeko eskaera egin behar dute udaletxean bertan. Orokorrean, botoa eman asmo duten guztiei komeni zaie hautesle zerrenda ikustea baina bereziki, azken hilabeteotan 18 urte bete, Oñatira bizitzera etorri edo herrian bertan helbidez aldatu direnei. Baita aurreko hauteskundeetan identifikazio arazoren bat izan zutenei ere. Okerrak zuzentzeko alegazioa egin behar dutenek, identifikazio dokumentu ofizialen bat eraman beharko dute.

  15 izango dira bestalde, botoak jasotzeko herrian zabalduko diren hautesle mahaiak, pasa den abenduaren 20an bezala. Hauteskunde mahaitan egon beharko diren presidente eta bokalak izendatzeko zozketa berriz, maiatzaren 28tik ekainaren 1a bitarteko edozein egunetan egingo da. Oñatin, normalean, lehen egunetan egiteko ohitura dago, izendapenak, astelehenarekin banatzen hasteko. Baina justu Korpus asteburua denez, horren ardura duen teknikariak erabaki beharko du zozketa noiz egin, beti ere, zehaztuta dagoen egun tartea errespetatuz.

  Ekainaren 26ko hauteskundeetan 350 diputatu eta 208 senatari aukeratuko dira, gainerako 56 senatariak erkidegoek hautatzen baitituzte. Gipuzkoan, sei diputatu eta lau senatari aukeratuko dira.

Iturria: Oñati Irratia