Ehunkien azoka Santa Marinan egingo da datozen bi larunbatetan

2019/06/11
Barrakak plaza ondoko jolas gunera iristen hasiko dira bihar

  Arropa, oinetako eta bestelako ehunkiak saltzera astero etortzen direnei aurreko astean jakinarazi zitzaien azoka lekuaren aldi baterako aldaketa. Horrela, asteroko merkadilloa ziurtatu nahi da. Korpus jaietan barrakek aste eta erdi egingo dute plaza ondoko jolas gunean, tartean, 2 zapatu hartuko dituztelarik. Ehunkiak saltzera datozenek Oñatiko salmenta galdu ez dezaten ekainaren 15ean eta 22an, Santa Marinan muntatuko dituzte postuak. Edo behintzat, hartarako aukera eman zaie.

  Udaleko Zerbitzuak departamentua arduratu da datozen bi larunbatetarako leku aldaketaren berri saltzaileei emateaz. Beste horrenbeste gerta liteke irailean ere, San Migel jaiak tarteko, baina ez dago guztiz ziurtatuta. Izan ere, pasa den astean Bakardadeko Ama kaleak eta Portu kaleak bat egiten duten bidegurutze horretan hasitako lanak, ur hoditeria berritzeko lanak, Santa Marina aldera luzatuko baitira, eta irailerako amaituta egon beharko dute ehunkien azoka bertara aldatu ahal izateko. Hori beraz, aurrerago ikusi eta erabakiko dela jakinarazi dute Udaleko Zerbitzuak departamentutik.

  Ziurtatu dagoeneko ziurtatu daiteke, eta halaxe jakinarazi zaie saltzaileei, plaza ondoko jolas gunean jarri ohi den ehunkien azoka Santa Marina plazan kokatuko dela datozen bi larunbatetan.

Iturria: Oñati Irratia