EH Bilduri konfiantza agertu diote herriko hainbat pentsionistek

2019/05/07
Card image cap
Pentsio duinak ez ezik, gizarte zerbitzu egokiak izatearen garrantzia azpimarratu zuten atzoko agerraldi publikoan

  Herriko jubilatu eta pentsionistek atzo eguerdian egin zuten elkarretaratzearen ondoren, 35en bat lagunek EH Bildurengan duten konfiantza publikoki azaldu zuten, prentsa agerraldi batean. Asteleheneroko elkarretaratzeak eginez 16 hilabete daramatzatela gogoratu zuten eta Euskal Herriko pentsiodunen aldarrikapenak errepasatu zituzten. Pentsio duinen alde ez ezik, gizarte zerbitzu egokiak ere aldarrikatzen dituztela adierazi zuten.

  Azken 8 urte hauetan, Oñatin, gizarte zerbitzuen arloan urrats garrantzitsuak eman direla esan zuten eta herritarren ongizatea sustatzeko ekintza konkretuak gauzatu direla aipatu zuten: kontratazio berriak eginez udal plantilla osatu, eguneko zentrorako plaza gehiago sortu, Bizipoz moduko programa berriak martxan jarri edota etxez etxeko zerbitzuan diharduten langileen lan-baldintzak hobetu, besteak beste. Erabaki horiekin EH Bilduren benetako herritasun sena frogatuta geratzen dela adierazi zuten agerraldira bildutako pentsionistek eta 8 urte hauetan udal taldeak erakutsitako ibilbideagatik EH Bilduk beren konfiantza osoa irabazi zuela aitortu zuten.

  Ostiralean dozenaka gaztek egin bezala, atzo eguerdian herriko hainbat pentsionistek ere EH Bilduri babesa publikoki agertu nahi izan zioten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!