EH Bilduren udal gobernuaren inposaketa eta arazoak kudeatu eta konpontzeko gaitasun eza salatu du EAJk

2017/06/09
Inposizioan eta inprobisazioan oinarritutako bi urte izan dira jeltzaleen iritziz

  Agintaldiaren lehen erdia pasata udal jardunaren balorazioa egin du Oñatiko EAJ taldeak eta bi urte hauek inposizioan eta inprobisazioan oinarritu direla salatu du. EH Bilduren udal gobernuak arazoei irtenbidea emateko gaitasunik ez duela esan dute jeltzaleek eta adibide gisa, kirol azpiegiturak aipatu dituzte. Udal gobernuak gaia lantzen bi urte baino gehiago daramatzan arren inolako irtenbiderik ez dutela eman azaldu dute jeltzaleek.

  Kale Zaharreko gaueko zaraten arazoak ere konponbiderik gabe jarraitzen duela gogorarazi du EAJk. Zaraten mapa osatzea eta indarrean dagoen araudia betearaztea edo beharrezkoa balitz, ordenantza berri bat egitea eskatu dute beste behin zinegotzi jeltzaleek.

  Beste zenbait erabaki eta neurri inposatu izana ere egotzi diote jeltzaleek EH Bilduri; hala nola, Txaketuako bidegurutzea ixtea, TAO sistema indarrean jartzea edota erdiguneko kaleak piboteekin ixteko neurria hartu izana. Inprobisazio horren ondorioak aurrez ez neurtu izana ere leporatu dio EAJk gobernu taldeari.

  Aurrekontu politikari dagokionez, planifikazio falta eta eragindako arrisku ekonomikoa azpimarratu dute jeltzaleek. Gastu-arauak eta jasangarritasun zein oreka-irizpideak betetzen ez dituzten aurrekontuak onartu izana leporatu diote EH Bilduri. Amaitzeko, herritarren elkarbizitza hobetzeko ezer egin ez izana ere leporatu dio EAJk gobernu taldeari.

  Guzti horregatik legealdia osatzeko falta diren bi urteetan elkarlanean eta parte hartzearen bidetik arazoei irtenbidea emateko bideari ekiteko deia luzatu diote zinegotzi jeltzaleek EH Bilduko gobernuari.

Iturria: Oñati Irratia

EAJko ordezkariak legealdi erdiaren balorazioa egiten