Oñatiko udala

EH Bilduk sustatutako Harittu prozesuaren diagnostiko fasean herriko 50tik gora eragile bildu dituzte

2018/07/11
Card image cap
Irailean hasiko dira etorkizuneko Oñati irudikatzen

  Harittu prozesuak bi helburu ditu: EH Bilduko komunitatea osatu eta sendotu, batetik, eta Oñatirentzat etorkizuneko perspektiba edo ortzi muga zehaztera datorren egitasmoa abiaraztea, bestetik. Lehen fasea egungo egoeraren diagnostikoa egitea da eta horretarako  zazpi lan talde osatu eta dozenaka herritar bildu dira. Diagnostiko fase honetan herriko 50tik gora eragile sozial, kultural eta sozioekonomikorekin bilera eta elkarrizketak egin dira. Ibilbide oparoa, emankorra gertatzen ari dela adierazi zuten atzo Harittu prozesuko arduradunek prentsaurrean eta balantzea erabat positiboa dela esan zuten, parte hartzen ari diren eragile guztiei eskerrak ematearekin batera. 

  Orain arteko bileretan, eragile bakoitzak gauzatzen dituen ekintzen berri eta ikusten dituzten zailtasun, behar eta gabeziak azaldu dituzte. Halaber herriko azpiegituren egoeraren inguruan dituzten iritziak ere jakinarazi dizkietela esan zuten, herriko diagnostikoa osatzeko oso baliagarriak izango zaizkienak.

  Apirilaren 21ean, Harittu prozesua aurkeztu zenean ireki zen Kale Barriako EH Bilgunea ere. Herritarrentzat topagune izateko helburuz sortu zen eta funtzioa betetzen duela azaldu zen atzoko agerraldian. Bilera leku ez ezik, herritarrei harrera egin eta hauen iritzi eta kezkak jasotzeko gune ere bihurtu da, ostiralero zabaldu baita. Irailetik aurrera dinamika horri berrekingo zaiola aurreratu zen. Oñatiko EH Bilduk, herritarrak biltzeko bokazioz abiatu zela azpimarratu zen agerraldian.

  Ikasturtearen balantzea egiterakoan azken hilabeteotan gauzatu den hitzaldi zikloa ere aipatu zen, positiboki baloratuz; landutako gaiek herritarren interesa piztu dutela azpimarratu zen. Baina ikasturte berrirako asmoak ere aipatu ziren. Oso aurreratuta dagoen diagnostiko fasea amaituta, etorkizuneko Oñati irudikatzen hasiko direla aurreratu zuten Harittu prozesuko arduradunek. Iraila aldean, udako oporretatik bueltan izango dela ere zehaztu zuten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!