Udalbatza osatzen duten bi taldeek agerraldiak egin dituzte.

2014/06/04
EH Bildu udal taldeak larritzat kalifikatu du EAJko oposizio buruak azken Osoko Bilkuran hartu zuen jarrera oldarkorra. Jeltzaleek, bere aldetik, errespeto faltarik edo difamaziorik ez dutela onartuko azaldu dute.

  EH Bilduk deitutako prentsaurrekoa atzo arratsaldean egin zen. Alkateak, lehen lehenik, Osoko Bilkura udaleko zinegotzi guztiek osatzen dute organoa dela argitu zuen eta udal antolaketaren barruan herritarren politika-ordezkaritzako organo gorena dela zehaztu zuen. Hala, gai ezberdinen inguruan, eztabaidatu eta askotan kontrajarriak diren iritziak konfrontatzeko foro gorena dela argitu zuen.

  Ildo horretan, EAJko bozeramaleak azken Osoko Bilkuran erakutsitako jarrera larria izan zela esan zuen Mikel Biain alkateak.

  Gobernuko ardurak dituztenek kritikak hartzen jakin behar dutela eta  iraganean gobernu ardurak izan zituztenek ere iraganean hartutako erabakien arduradun diren aldetik, erabaki horiekiko izan daitezkeen zalantza eta kritikak onartu behar dituztela esan zuen alkateak. Oposizioan den taldeak halakoak entzun nahi ez izatea ulertzen du EH Bilduko gobernu taldeak baina iraganeko erabakien kritika egiten den bakoitzean EAJko bozeramaleak hartzen duen jarrera eta daukan nerbio galtzea ez dutela ulertzen gaineratu zuen. Jarrera hori aurre hartuz, EH Bilduk erantzukizunez lanean jarraituko duela iragarri zuen Mikel Biainek.

  Adierazpen hori eginda amaitu zen EH Bilduko udal taldearen agerraldia.

  Gaur berriz, jeltzaleen prentsaurrekoa izan da eta Lourdes Idoiagak ere azken Osoko Bilkuran gertatutakoaren harira berba egin du. Errespeto faltarik edo difamaziorik ez dutela onartuko azaldu du. Eta dagokien moduan oposizio zorrotz eta konstruktiboa egiten jarraituko dutela argitu du. Jeltzaleak probokazioei erantzutera ez direla aterako ere esan du Lourdes Idoiagak.

  Udal gobernuak ur ordenantza berriaren onespena bertan behera utzi izanaz pozten direla aitortu dute jeltzaleek, gaia azaltzeko eman duten prentsaurrekoan. EAJk, urtarrilean proposatu zuena egitera doazela azpimarratu dute.

 Jeltzaleak ura, neurrian kontsumitu eta zaindu behar den baliabidea dela esan dute eta arduragabeki galtzearen kontrako neurriekin ados daudela azaldu dute. Zentzu horretan proposatzen zen ur ordenantza berriaren filosofiarekin bat egiten dutela zehaztu dute. Baina nola egin denarekin ez. Eta hori zuzendu izanak poztu dituela aitortu dute.

  Izan ere, uraren ordenantza berriak, zenbait salbuespen ez zituen aurre ikusten: legalki formalizatu gabeko bikoteen kasuak edo gurasoak zaintzeko etxez aldatu direnenak. Orain, ordenantza bertan behera utzita, horiek lasai aztertu daitezkeela esan du Lourdes Idoiagak. Ez hori bakarrik. Oñatiko errealitatea ezagutu eta ordenantza berriak eragin ditzakeen ondorioak aurrez baloratu daitekeela erantsi du. Azken finean, jeltzaleek, pasa den urtarrileko Osoko bilkuran jada proposatzen zutena.

  Idoiagaren hitzetan, orain arte korrika eta presaka egin direnak, lasai aztertu eta zuzendu daitezke. Horretxegatik, pozik eta gustura azaldu dira prentsa aurrera.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!