Eguneko zentroko langileak greba egiten ari diren arren, zerbitzu minimoak betetzen ari dira.

2013/04/29
Garraioa, otordu zerbitzuak bermatuta daude. San Martin egoitzan ez da greba deialdia jarraitu.

  ELAk eta LAB sindikatuek greba deitu dute aste honetarako Gipuzkoako zaharren egoitza eta eguneko zentroetan. Sektoreko lan hitzarmen berria eskatzen dute.

  Deialdia jarraitu esan bezala, eguneko zentroan jarraitzen ari dira. Bertako langileek eguneroko jarduna murriztu egingo dute gaur, ordubete gutxiago lan egingo dute eta horrela, gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituzte. Sindikatuek zabaldutako greba deialdia gainera ez dute guztiz beteko. Ostegunean auditoria lanen bat dute eta egun horretan normal arituko dira lanean, alkateak adierazi digunez.

  Eguneko zentroan, gaur, bihar eta ostiralez greba egingo dute baina San Martin egoitzan, lanean ari dira. Kontu egin behar baita, bi zentroetan Gipuzkoako hitzarmena aplikatzen dela baina langileen egoera ezberdina dela.
Eguneko zentroan diharduten auxiliarrak, Aita Mennik kontratatutakoak dira eta zuzenean, Gipuzkoako hitzarmena aplikatzen zaie.

  San Martin egoitzako langileek bestalde Gipuzkoako zaharren egoitzetako hitzarmenaren gainetik zuzendaritzarekin adostutako zenbait hobekuntza dituzte.

  Zaharren egoitza eta eguneko zentroetan deitu den 5 eguneko greba hau konbenio berria negoziatu dadin presio neurri gisa planteatu da. Sektoreko lan hitzarmena otsailaren 12an agortu zen eta uztailera bitartean akordiorik lortu ezean, Espainiako lan erreforma aplikatuko diete langileei. Horrek, hileko soldata jaitsi eta urteko lan orduak gehitzea ekarriko duela salatu dute sindikatuek.

  Pasa den otsailean jada Oñatin jarraitu ez zen hiru eguneko greba egin zen hainbat zentrotan. Adostasunik lortu ezean, maiatzaren 13tik aurrera mugagabeko greba hasteko deialdia egin du ELA sindikatuak.

Iturria: Oñati irratia