EGOITEK enpresak jarraituko du Zubikoa Kiroldegian fitness eta gimnasia zerbitzuak eskaintzen.

2014/09/03
Kontratazio mahaiak, aurkeztutako eskaintza ekonomiko eta txosten teknikoa ontzat eman ditu.

  Oraingoz dena den, esleipen erabakia behin-behinekoa da. Enpresak, 10 eguneko epea baitu hainbat dokumentu aurkezteko, tartean, gizarte segurantza eta ogasun obligazioak egunean dituela ziurtatzen duen egiaztagiria eta erantzukizun zibileko asegurua baduenaren egiaztagiria.

  Bakarra izan zen udalak deitutako lizitazio prozesura aurkeztu zen enpresa. Azken urteotan jada, Zubikoa kiroldegian zerbitzua eskaintzen zuen EGOITEK, hain zuzen ere.

  Okerrik ezean, eta esleipena, behin betikoz eginda, EGOITEKeko monitoreek Zubikoan lanean jarraituko dute beste bi urtez. Besteak beste, elbarrientzako gimnasia egokitua, Gimnasia terapeutikoa, Aerobic, Gazteentzako Aerobica, Mantentze Gimnasia, Fit-bike, Pilates, Pilates terapeutikoa, hirugarren adinekoentzako Gimnasia, Body-tonoa, Zumba, eta erdiondoko Gimnasia, Gimnasia abdominal hipopresiboa, Running-a eta Gimnasia armoniko zerbitzua beteko dute.

  Zerbitzua bete ahal izateko, begiraleek ikastaroak euskaraz eman ahal izateko ezagutza badutela eta kirol monitore titulazio ofiziala ere badutela ziurtatu behar izan du  enpresak.

  Eskatutako dokumentazioa aurkeztuta udalak eta EGOITEKek sinatuko duten kontratuak, hasiera batetan bi urteko iraupena izango du baina lizitazio baldintzetan zehaztu zenez eta bi aldeak ados egonez gero, beste bi urtez luzatu daiteke.

  Zubikoa kiroldegian ere 2014-2015 ikasturte berria hastekotan da. Fitness eta gimnasia zerbitzu ete ikastaro ezberdinak hilaren 15ean hasiko dira. Bitartean, modalitate bakoitza ezagutu nahi duenari zuzenduta, datorren astean ate ireki jardunak egingo dira. Eskaintzen diren ikastaro eta ordutegien inguruko informazioa kiroldegiko harreran bertan eskuratu daiteke.

Iturria: Oñati irratia