Egoiliarrentzako aparkalekuei dagozkien tasak ordaintzeko epea ireki da

2021/02/03
50,34 euroko kargua bihar egingo da

  164dira bertakoentzat gordetako aparkalekuetan autoa uzteko txartela duten herritarrak. Gehienek Bidebarrieta kale inguruan dauden 6. gunean aparkatzeko txartela dute, 100ek hain zuzen ere. Gainontzeko 64k Aita Mortara eta Aita Madina kaleko aparkalekuek osatzen duten 5. gunea erabiltzeko baimena dute. Guztiek, 50,34 euroko tasa ordaindu behar dute urtean, bertakoentzako gordetako aparkalekuak erabiltzeagatik.

  Gaur ireki da ofizialki tasa hori ordaintzeko epea eta martxoaren 10era arte luzatuko da. Baina tasaren kargua bihar, otsailaren 4an egingo da, udal arduradunek jakinarazi dutenez. Egoiliarrentzako aparkatze-txartela duten guztiek helbideratuta daukate tasaren ordainketa. Izan ere, baimen eskaera egiten denean tasa kobratzeko kontua adierazi behar zaio udalari. Baina gertatu izan da, egunean saldorik ez eta itzuli izana. Horregatik jakinarazten da tasaren kargua bihar egingo dela.

  Egoiliarrentzat TAO txartelak abenduan zehar bidali ziren posta arruntez eskatzaileei eta urtarrilaren 1az geroztik baimendutako autoaren aurrealdean jarrita egon behar dira.

Iturria: Oñati Irratia