Egaralur enpresak egingo ditu Ugarkalde eta San Lorentzo arteko bidegorria eraikitzeko lanak

2017/02/28
Card image cap
Esleipen kontratua sinatu aurretik, dokumentazioa aurkeztu eta behin betiko bermea ordaindu beharko du

  Bidegorri zati honek egun Olapoton eta Maiztegiko etxeen parean amaitzen diren bidegorriak elkarrekin lotuko ditu, herriko bidegorri sarea osatuz.

  400 metroko luzeera izango du bidegorri zati berriak eta GI-2630 errepide nagusiarekiko paralelo joango da San Lorentzo aldetik. San Lorentzo 1 eta 2 zenbakidun etxe blokeen parean bidegorriak aparkalekuen eremua hartuko du. Bertan galtzen diren aparkalekuak errepidearen bestaldean egokituko dira. Farmazia pareko zebra-bidetik aurrera berriz, bidegorria espaloitik joango da. Autobus geltokiaren atzetik egokituko da eta bien artean segurtasun tartea uzteko, espaloia zabaldu egingo da errepide aldera. Espaloia egoera onean dagoen guneetan seinalizazio horizontal eta bertikalez egokituko da bidegorria. Eta espaloia egoera txarrean dagoen guneetan, Olapoto aldean, bidegorria eratzeaz gain inguruko zoladura ere berrituko da.

  Udalak lanen lizitazio prozesura gonbidatutako hiru enpresek beren eskaintzak egin dituzte. Baten proposamenak, udalak jarritako gehienezko prezioa gainditzen zuenez prozesutik kanpo utzi zen. Aipagarria da, beste bi proposamenen ekonomikoen artean 800 eurora ere iristen ez den aldea zegoela. Baina merkeena Egaralur enpresak aurkeztu zuen eta puntu gehien eskuratu ditu, lizitaziorako irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa baitzen. Lanak, udalak jarritako aurrekontua ia 1200 eurotan merketuta, 198.163 eurotan egingo du, BEZ kanpo.

  Lanen kontratua sinatu aurretik, enpresak, ogasuna eta gizarte segurantzarekiko obligazio guztiak egunean dituela ziurtatzen duen dokumentazioa aurkeztu eta 9.908 euroko behin betiko bermea ordaindu beharko du. Lanak bost hilabeteko epean egin beharko dira, lizitazio baldintzetan zehazten denez. Apirilean hastea aurreikusten da eta ondorioz, irailerako amaitu beharko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!