EAJren udal taldeak 2017rako aurrekontu proposamena aurkeztu dio gobernu taldeari

2016/12/15
Card image cap
Gaurko Ogasuna Batzordean helarazi dioten proposamenak bost ardatz estrategiko biltzen ditu

  Oñatiarren egungo beharretara egokitutako udalerria eraikitzea da EAJren lehentasuna datorren urteko aurrekontuetara begira. Horretarako, herritarrek helarazitako ekarpenak eta beren programan aurreikusitakoak ere jaso dituzte bost ardatz estrategiko biltzen dituen proposamenean: adin guztiei egokitutako kirol osasuntsua sustatzea, Oñati udalerri hezitzailea bilakatu eta kultura indartzea, berdintasunean oinarritutako udalerri lagunkoia eraikitzea, udalerri atsegina eta jasangarria sortzea eta sozio-ekonomia indartzea. 

  Bost ardatz estrategiko horiek egitasmo konkretuetan gauzatzen dira: San Martingo hariztian korrika egiteko bidea egokitzea, ur parke bat integratuko lukeen igerileku irekia, kiroldegian rokodromo homologatua eta adineko pertsonentzako egokitutako gimnasia makinak jartzea, gazte eta nerabeei zuzendutako udaleku teknologikoak eta gazteentzako ikastaro bereziak antolatzea, Gogora institutuaren programa martxan jartzea, urteko kultura eta euskara sariak sortzea, euskara batuaren 50. urteurrena jasoko duen ikus entzunezko bat egiteko beka ematea, kontziliazio erantzunkidea eta berdintasun eskubideak bultzatzeko plana garatzea, argiteria hobetu herriko beldur-guneen mapan identifikatutako gune ilunak ezabatzeko, landa auzoen argiteria plan orokorra egitea, Oñati lagunkoia programa garatzea, Olakua-Olapoto eremurako irisgarritasun plana egin eta San Lorentzokoa osatzeko lanak bukatzea, hondakinen bilketarako edukiontzi sistema ezartzea, gaur indarrean sartu den txandakako aparkalekuen sisteman autoak bi orduz utzi ahal izatea, eta sozio-ekonomia sustatzeko helburuz, enplegua eta ekintzailetasuna bultzatzeko plana martxan jartzea, langabetuentzat profesionaltasun ziurtagiriak lortzeko formakuntza ikastaroak antolatuz, lana bilatzeko trebatze dinamikak jarriz eta ekintzaileentzat aholkulari espezializatuen laguntzaz tutoretza zerbitzua eskainiz. Tokiko merkataritza, autonomo, lehen sektore eta enpresa txikiei zuzenduta online plataforma martxan jartzea beren produktuak kanpora saltzeko bitarteko gisa. Horretarako leihatila bakarra sortzea proposatzen dute jeltzaleek eta herriko turismo plan estrategikoa berregitea, merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko. Horiek, esan bezala, EAJren aurrekontu proposamenean jasotako egitasmoetako batzuk.

  Proposamena gobernu taldearen esku utzi dute gaur goizean. Erantzuna astelehenean emango ei diete. Hortik eta 2017ko aurrekontuen gaia aztertuko den osteguneko Osoko Bilkurara bitartean, jeltzaleek Ogasuna Batzordean jakinaraziko duten diktamena landuko dute.

  Beste behin ere, beren iritzi eta ekarpenak luzatu dizkieten herritar guztiei eskerrak eman dizkiete EAJren udal taldeko kideek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!