Oñatiko udala

Onartu ez zituen aurrekontuetan jasotako hainbat proiekturen sustatzaile bihurtu nahi izana leporatu dio EH Bilduk EAJri

2017/11/02
Card image cap
Herria denon artean baina modu arduratsuan egitea eskatu du Nerea Zubiak, prentsara zabaldu duen oharrean

  EAJk pasa den astean zabaldu zuen prentsa oharrari erantzuten dio Nerea Zubia EH Bilduko zinegotziarenak. 2018ko aurrekontuei begira herritarren ekarpenak jasotzeko deia egiten zuen EAJk ohar hartan eta 2017koan sustatutako hainbat proiektu aipatzen zituen. Nerea Zubiak sinatzen duen oharrean berriz, jeltzaleek 2017ko aurrekontuen kontra bozkatu zutela gogoratzen du, eta EAJk beretzat hartu dituela EH Bilduk agintaldirako programan jasota eta aurrekontu horietan txertatu zituen hainbat proiektu. Jeltzaleen idatzian aipatzen ziren Cowork gunea, frontoiko argiak edota ur uhinak parkeari erreferentzia egiten die Zubiaren oharrak, ekimen horien jatorria zehaztuz. Sormen eta ekintzailetasunerako gunea EH Bilduren agintaldiko gobernu programan jasota dagoela aipatzen du zunegotziak. Frontoiko argiena herriko haur eta nerabeekin egin zen Arazerixan prozesuan jaso zen proposamena dela gogoratzen du. Eta ur txorroten parkea EAJk aipatu zuela onartzen du baina landu gabe egindako proposamena izan zela zehazten du. Are gehiago, egitasmo hori eta beste zenbait biltzen dituen Olaran paisaia plana aurkeztu zenean EAJk ez zuela begi onez ikusi gogoratzen du Zubiak idatzian. Gerora izan duen arrakastaren haritik ordea, jarrera aldatu dutela gaineratuz.

  Aurrekontuak osatzeko EH Bilduren oinarriak argitzen ditu, amaitzeko, Nerea Zubiak prentsa oharrean. Agintaldiko programa eta herritarren ekarpenak dira zutabe nagusiak. Ekarpen horien baitan kokatzen ditu EAJ taldearenak. Oposizioko taldearen laguntza beharrezkoa dela azpimarratzen du EH Bilduko zinegotziak eta herria denon artean egin behar dutela gaineratzen du. Baina elkarlan hori modu arduratsuan egitea eskatzen dio Zubiak EAJri.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!