EAJ beti Kataluniarekin! izenburupean salaketa oharra zabaldu du Javier Galarzak

2017/09/27
Card image cap
ERNAI taldetik jaso dituzten akusazioak salatzen dira Oñatiko EAJren lehendakariak sinatzen duen idatzian

  Prentsara zabaldutako oharrean, ERNAI taldeak berriki sinatutako pankarta eta pintadak salatzen dira Oñatiko EAJren izenean. Kataluniako prozesua ez babestea eta, Frankoren irudiarekin lagunduta,  PPren eta frankisten konplize izatea leporatzen zaie jeltzaleei. Akusazio horiek guztiz faltsuak direla adierazten du Galarzak idatzian.

  EAJ ibilbide demokratiko luzeko alderdia dela aipatzen du eta herri katalanaren alde beti egon dela azpimarratzen du. Hainbat une historiko zerrendatzen dira: Francoren diktaduraren aurkako borrokan; Euskadi eta Katalunia nazio izateko eskubide historikoak berreskuratzeko borrokan, edota ETAk Hipercorren eta Vich-en aurka atentatu zuenean ere Kataluniarekin bat egin zutela aipatzen da idatzian. Aldi berean, Ezker Abertzaleari leporatzen dio ez zela kataluniarren ondoan egon ETAk Katalunian atentatuak egin zituenean. Hala ere, Ezker Abertzalearen kontra jotzeko jeltzaleek halako argudiorik sekula ez dutela erabili gaineratzen da oharrean. Eta Ezker Abertzalea ez dagoela legitimatuta zer egin behar duen inori esateko. Ezta bere burua herri katalanaren aldeko defendatzaile bakar moduan aurkezteko ere.

  Benetako historia ekintzen bidez frogatzen dela esanez eta diskurtso eta akusazio faltsupean ez dituztela isildu, kikildu edo nahastuko esanez amaitzen du Javier Galarzak Oñatiko EAJren lehendakari gisa prentsara zabaldu duen idatzia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!