Duintasun kit berriak eta arropak eman dizkie Hotz Oñati taldeak Aita Mari ontzikoei

2020/11/24
Card image cap
Erreskate ontzia Sustapen Ministerioaren baimenaren zain dago Mediterraneora itzultzeko

  Aita Mari ontziak lau hilabete eman ditu Pasaiako portuan, konponketa lanak eta eskatutako egonkortasun azterketa egiten. Orain, Sustapen edo Fomento Ministerioaren baimenaren zain dago itsasoratu eta Mediterraneora itzultzeko.
Konponketa eta burokrazia lanekin batera, ontzia hornitzeko lanak ere egin dituzte eta horretan Hotz Oñati taldekoak lagun izan dituzte, beste behin. Lehendik zituzten duintasun kitak osatuz beste 60ren bat bidali dizkiete eta erreskatatu ditzaketen haurrentzako arropa eta oinetakoak ere bai.

  Duintasun kit hauetan arropa eta higiene beharrak betetzeko materiala jasotzen da: txandala, kamiseta, barruko arropa, eskuoihal edo toalla, edalontzia eta zerealezko barritak. Banakako poltsetan prestatzen dira, ontzira sartu orduko erreskatatutako pertsonei eman ahal izateko. Halako lehen bidalketa urtarrilean egin zuen Hotz Oñati taldeak eta martxoan bigarrena. Zoritxarrez, hortik aurrera Aita Marik erreskate lan gutxi egin ahal izan zuen Italiako gobernuak ontzia blokeatuta eduki baitzuen 49 egunez.

  Urte korapilatsua izan da 2020a Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearentzat eta Aita Marik aurreikusten zituen sei misioetatik bakarra egin ahal izan zuen, urtarrilean eta otsailean. Mediterraneoan 180 egun egiteko asmoa zuten baina 36 bakarrik egon ziren eta beste 69 egunetan portuetan atxikita eduki zuten. Misio bakar horretan 158 lagun erreskatatzea lortu zuen Aita Marik. Apirilean, Pasaiara bueltan zetozela, beste ontzi batean zihoazen 47 lagun gehiago erreskatatu zituzten eta Maltan lurreratzeko baimena ukatu ondoren Italiako gobernuaren itsasontzi batera eraman zituzten migratzaileak. Azken erreskate haren ondoren Palermon lehorreratu ziren eta Italiako gobernuak 49 egunez blokeatuta eduki zuen.

  Orain, berriro itsasoratzeko baimenaren zain daude Aita Marikoak eta migranteak erreskatatzeko guztia prest, baita Hotz Oñatik helarazitako materiala edota 200 antigeno test. Itsasoan erreskatatutakoei era honetako frogak egingo dieten lehenengo GKE izango da

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!