Donostiako Zinemaldian Irizar saria irabazi duen "Oreina" filma Oñatin ikusgai urriaren 19tik 22ra

2018/10/01
Card image cap
Zine klub denboraldia eta haurren emanaldiak datorren astean hasiko dira

  Urriko zine karteldegia gertu dago Oñatin eta jaiak pasata, ohiko zine klub eta zine komertzial denboraldia, bere osotasunean, hasiko da. Hileko hirugarren asteburuan, Donostiako Zinemaldian saritu berri den Oreina filma ikusi ahal izango dugu. Koldo Almandozek zuzendutako filmak euskal produkzioei ematen zaien Irizar saria jaso du. Euskal film ugari izan da aurtengo Zinemandian eta horien artean, Zuzendari Berriak sailean erakutsi zuen Oreinari eman zaio Irizar saria. Oñatin, jatorrizko bertsioan, euskaraz alegia, eta gaztelerazko azpitituluz lagunduta pantailaratuko da urriaren 19tik 22rako asteburuan. Helduei zuzendutako zine komertzialari dagozkion beste bi asteburutan, espainiar produkzioak pantailaratuko dira: Yucatan eta La sombra de la ley.

  Jaiak tarteko bereziki luzatu den udako etenaren ondoren, haurren emanaldiak ere hileko bigarren asteburuan hasiko dira gurean. Publiko gaztetxoari zuzenduta, euskarazko filmerik ere programatu da, hain justu Oreina pantailaratuko den asteburu berean, Zineuskadiren eskutik Luis eta estralurtarrak pantailaratuko baita. Haurrei zuzendutako emanaldietan animaziozko filmak programatu dira; hileko bigarren asteburuan Hotel Transilvania 3 eta azkenean, Los increibles 2.

  Baina aipagarria da, jaiak pasata, zine klubeko 2018-2019 denboraldia ere hasiko dela gurean. Urrirako 3 filme iragartzen dira: Casi 40, El repostero de Berlin eta Lucky. Hiru film hauek 2017 eta 2018an ekoitzi dira eta hainbat sari irabazidituzte: David Truebak zuzendutako Casi 40 komediak Malagako zinemaldian zilarrezko Biznaga eskuratu zuen, El reportero de Berlin alemaniarrak Karlovy Vary jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia eraman zuen eta Lucky dramak berriz, Satellite Awards, Gijongo jaialdia eta Chicagoko kritikoen elkarteak emandako sariak jaso zituen. Datorren ostegunean, urriaren 11n hasiko den zine klub denboraldia apirilera arte luzatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!