Donostiako orfeoiak kontzertua emango du Arantzazun, Musika Hamabostaldiaren baitan

2019/06/04
Abuztuaren 16an izango da eta sarrerak salgai daude jada

  Urteroko hitzordua da Musika Hamabostaldiaren baitan Arantzazun eskaini ohi den kontzertua. Hamabostaldiaren ziklo bidaiarienak, Donostiako mugak gainditzeko proposamenak egin ohi ditu eta Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko hainbat lekutara hurbilduko da aurten. Musika Aitzaki zikloak, 14 kontzertu eskainiko ditu guztira, urteroko ohiko txangoak egiteaz gainera. 80. edizio honetan, Estibalizera, abuztuaren 12an eta Arantzazura, lau egun beranduago egingo diren irteerak izango ditu.

  Hamabostaldiko antolatzaileek beraiek esana da Arantzazuko Santutegia Musikaren Aitzaki saileko egoitza nagusia dela. Horren baitan, Donostiako orfeoiak kontzertua emango du abuztuaren 16an, 19:00tan. Fauré-ren Requiema, Orfeoiaren lan ikurretako bat, eta John Rutter konpositore britaniarraren Gloria lanekin gozatzeko aukera izango da orfeoiaren eskutik. Sarrerak, dagoeneko salgai daude Musika Hamabostaldiko web atarian 14 eta 18 eurotan.

  Arantzazuko kontzertua aitzaki hartuta gainera, egun osoko irteera ere eskaintzen du Hamabostaldiak. Donostiatik joan-etorriko autobusa ez ezik, bazkaria, Mirandaola eta Burdinaren haranera bisitak eginez osatuko dena. Kasu honetan, egun osoko irteeraren prezioa 90 euro da eta lekua ere erreserbatu daiteke, dagoeneko. 

  Donostiako 80. Musika Hamabostaldia izango da aurtengoa eta 90 proposamenetik gora eskainiko ditu abuztuaren 1etik 31ra. Iraganari begira hainbat keinu bildu nahi izan dira programazioan, baina aldi berean, begia etorkizunean duelarik. Jaialdiarekin lotura estua duten hainbat artista gonbidatu dira aurten: Juanjo Mena, Lucia Lakarra, Ainhoa Arteta eta Iñaki Alberdi esaterako. Hamar ziklotan banatu dituzte jaialdiko emanaldiak eta erabateko 9 estreinaldi eta hiru opera programatu dira, besteak beste, abuztu osoan luzatuko den egitarauan.

Iturria: Oñati Irratia