Domeka goizaldean udako ordutegia indarrean sartuko da

2021/03/26
Goizaldeko ordu bietan hirurak izango dira

  Urtean zehar egiten diren bi ordu aldaketen lehena gauzatuko da asteburuan, zapatutik domekako gauean. Domekan, goizaldeko ordu bietan ordubete aurreratu beharko ditugu erlojuak. Horrela, ordu bietan, hirurak izango dira eta ondorioz, domekak ordubete gutxiago, 23 ordu, izango du. Udako ordutegia urri amaierara arte luzatuko da.

  Ordu aldaketaren aldekoek, neurri honekin eguzki argia gehiago aprobetxatu eta ondorioz, energia aurrezten dela diote. Kontrakoek berriz, aurrezten den apur horrek gorputza ordu erritmo berrira ohitzeko sortzen dituen arazoak ez dituela konpentsatzen diote.

  Iaz konfinamendu betean geundela sartu zen indarrean udako ordutegia, aurten, lasaiago gaude baina erlojuari begira oraindik, taberna eta jatetxeak 20:00tan eta dendak 21:00tan itxi behar direlako, jardunaldi sozio-kulturalak ere 21:00tarako amaitu behar direlako eta etxeratze ordua berriz, 22:00ak direlako, goizeko 6:00ak arte.

  Gogoratu, domeka goizaldean ordulariak aurreratu eta ordu bietan hiruretan jarri beharko ditugula.

Iturria: Oñati Irratia