Domeka eguerditan ez da haurren zine emanaldirik izango aurrerantzean

2017/03/08
Card image cap
Ikusle kopurua oso txikia izan da esperientziak iraun duen hiruzpalau hilabeteetan

  Igande arratsaldeko emanaldi askotan aretoa betetzen zela ikusita, eguerdian emanaldi berezia jartzea erabaki zuen Kultura Departamentuak. Lehen proba, azaroaren 6an egin zen eta 20tik aurrera jada, asteburuko hirugarren emanaldi hori finko bihurtu zen. Larunbat arratsaldeko emanaldietan lekua izaten bazen ere, igandeetako ikusleei ordutegi aukera berri hori eskaintzea erabaki zen. Baina esperientziak ez du esperotako emaitzarik izan; ikusle gehien bildu zituen emanaldian 34 neska-mutiko zenbatu ziren eta izan dira 2-4 edo 10 ikusleko emanaldiak ere.

  Ikusle kopurua eta kostua alderatuta, domeka eguerdiko emanaldiari eusteko arrazoirik ez du ikusi Kultura Departamentuak, are gutxiago, lehen esan bezala, zapatu arratsaldeko emanaldietan lekua izaten dela kontutan hartuta. Domeka eguerdian zinera joateko ohitura errotu zedin aukera hiru hilabete eta erdiz mantendu da baina oraingoz bertan behera uztea erabaki da. Asteburu honetan jada domeka eguerdian ez da zine emanaldirik izango. Aurrerantzean beraz, publiko gaztetxoari zuzendutako filmak larunbat eta igande arratsaldetan, 17:00etan hasiko diren emanaldietan pantailaratuko dira.

  Asteburu honetan, La vida de Calabacín Donostiako Zinemaldian ikuslearen saria eta Europako animaziozko film onenaren sariak besteak beste, jaso dituen pelikula suitzarra programatu da.      

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!