Oñatiko udala

Dokumental emanaldia, antzezlanak eta elkarretaratzea antolatu dira Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna aldarrikatzeko

2017/11/20
Card image cap

  Oñatiko sare feministak eta udalak elkarlanean antolatu dute azaroaren 25aren inguruko ekintza egitaraua. Lehen ekitaldia pasa den asteartean egin zen. Dolores Juliano gonbidatu zen kultur etxera Tomar la palabra. Mujeres, discursos y silencios liburua aurkeztera. Baina Emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunari dagokion egitarau nagusia ostegun, ostiral eta larunbatean osatuko da.

  Ostegunean eta zine klub programazioaren baitan Volar dokumentala pantailaratuko da. Emakunderen proiektu honetan genero indarkeria jasan duten bederatzi emakumeren testigantzak jaso ditu Bertha Gaztelumendik. Astebetez elkarrekin bizi izan ziren filmeko protagonistak eta giro lasai horretan euren bizitza eta esperientziei buruz askatasunez, eta biktimismorik gabe, hitz egiteko aukera izan zuten. Adin eta zeregin desberdinak dituzten emakumeak dira, eta hitzik egin gabe elkar ezagutzeko gai dira, biolentziazko infernuari aurre egiteko kuraiak batzen dituelako. Volar dokumentala ostegunean pantailaratuko da kultur etxean, baina ohikoa baino ordu erdi lehenago, 19:30tan,  hasiko da zine klub saioa, filmeko bi protagonistek aurkeztuko baitute eta beraiekin solasaldia ere izango baita. 

  Ostiralean, Lur ikara kabareta antzezlana eskainiko da plazan, 17:30tan. Larunbatean ere antzerki emanaldia izango da Santa Ana aretoan. Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek Erradikalak gara bertso-antzerkia taularatuko dute. Feminismoa, euskaltzaletasuna, aniztasuna, sexua eta indarkeria dira ikuskizunean lantzen diren gaietako batzuk. Emanaldia 19:30tan hasiko da eta sarrerak 5 eurotan salduko dira. Baina larunbatean bertan, azaroaren 25ean alegia, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako elkarretaratzea egingo da plazan. 13:00tan deitu da.

  Azaroaren 25aren aldarrikapena eta lema gaztetxoengana helarazteko asmoz bestalde, udalak globo moreak banatuko ditu haur eta lehen hezkuntzako ikasleen artean. Emakumeen ikurra eta Azaroak 25. Emakumeen aurkako indarkeriarik ez! idatzia duten1600 globo eskatu dira. Herriko ikastetxeetan banatuko dira.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!