Diru sarrerak Bermatzeko Laguntza ez kentzeko eskatu dio Udalak Foru Aldundiari

2016/05/06
Eskaera mozioa azken Osoko Bilkuran onartu zen EH Bilduren aldeko botoz

  Diru sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL) edo AGI bezala ezagutzen den gizarte laguntza ez kentzea eskatzen duen mozioa onartu zuen Udalbatzak joan den asteko Osoko Bilkuran EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoz.

  AGI laguntzak, aurreko Foru Gobernuak ezarri zuen 2011. urtean, Diru sarrerak Bermatzeko Errenta, DBE edo RGIa deritzona jaso ahal izateko baldintzak betetzen ez zituzten pertsonei laguntzeko. Izan ere, DBE/RGIa jasotzeko 3 urteko errolda eskatzen baita. DBL/AGIak, berriz, urtebeteko errolda eskatzen du soilik. Gaur egun Gipuzkoan, 1422 familia unitatek jasotzen dute aipatu DBL/AGI laguntza.

  Udal talde jeltzaleak, ezezko botoa eman zion EH Bilduk proposatutako mozioari. Hori argudiatzeko esan zuten diru sarrerak bermatzeko laguntza jasotzen duen inor ez dela laguntzarik gabe geratuko. Gainera, Foru Aldundiak Elkarrrekin izeneko programa lantzen ari dela eta laster martxan jarriko duela. Programa berriaren xedea dirulaguntza ematera mugatu gabe, gizarteratze edo inklusio  soziala lortzea dela azaldu zuen bozeramale jeltzaleak.

  Osoko bilkuran parte hartu zuen Oñatiko Caritas elkarteko kide batek ere kezka agertu zuen, Aldundiak DBL/AGI laguntza kentzeko hartutako erabakiaren aurrean.

Iturria: Oñati Irratia