Diru laguntza, sari eta beka sistema bereziak eskainiz ekin dio Udal Euskaltegiak 2013-2014 ikasturteko matrikula epeari.

2013/09/04
Card image cap
“Emaiozu euskarari!” gonbidapena da aurtengo kanpainaren lema.

  Udal Euskaltegiak urteak daramatza eskolen aprobetxamendua saritzen. Hala, %90ko asistentzia izan duten herrian erroldatutako ikasleei matrikularen erdia edo hiru laurdena itzultzen zaie, langile,  edo ikasle edo langabetuak direnaren arabera. Uztaileko azken tokiko gobernu batzarrean, 2012-2013 ikasturteko ikasle bekadunen zerrenda onartu zen. Aurreko kurtsoan euskaltegian aritu ziren 21 ikaslek udalaren diru laguntza jasoko dute, batek matrikularen %75a, gainontzekoek, %50a. Iraupen luzeko langabetuek, doan dute euskaltegiko matrikula.

  Iraila amaieran hasiko den ikasturte berrian gainera, sari berezi bat banatzea erabaki du gobernu taldeak: matrikulatuen artean zozketa egingo da eta saridunak, matrikula doan izango du. Euskara ikastea diru karga izan ez dadin jarritako bitartekoak dira.

  Udal Euskaltegiak martxan du jada 2013-2014 ikasturte berrirako matrikula epea. Emaiozu euskarari! gonbidapen erakargarria luzatuz, norberaren erritmo eta ordutegiei egokitutako eskaintza zabala egiten da. Euskalduntze eta alfabetatze ikastaro ugari izango da: homologatutako hizkuntza eskakizun ezberdinak lortzeko ikastaroak, EGA prestatzekoak edota bestelako ikastaro bereziak: etorkinei ongi etorria eginez “aisa” izenekoa, ostalaritza edo merkataritzan dihardutenei zuzendutakoak edota Oñatiko euskara lantzen duena. Autoikaskuntzako programak eta bestelako ekintza osagarriak ere eskaintzen dira.
Gainera, zenbait azterketa ofizial euskaltegian bertan egin daitezke.

  Astelehenean hasi zen matrikula epea, hilaren 20an itxiko da. Hortik aurrera, osatzeko dauden taldeetan sartzeko aukera eskainiko da baina balizko ikasleak finkatutako ordutegi eta egutegira moldatu beharko du.

  Guzti honen berri ematen duten kartelak kalean jarri berri dira eta esku orriak etxeetara banatzen ari dira. 

  Era berean, eta ia aipatu dugun ekintza osagarri gisa, BERBALAGUN egitasmoan parte hartzeko izen emate orriak ere banatu dira. Gurean, apirila inguruan martxan jarri zen BERBALAGUN proiektuak, euskaldun zahar eta berriak talde txikitan elkartzea du helburu. Hizkuntza, lagun artean eta antzerako zaletasunak dituzten taldetxotan praktikatuz. Parte hartzeko interesa dutenek izen emate orria beteta Euskaltegian utzi behar dute. Argibideak ere, bertan emango dizkiete.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!