Diputazioko “Kultura bonuak” bihartik aurrera eskuragarri izango dira Altuna eta Haritza liburu dendetan

2015/12/04
Haritzan Jaurlaritzak sustatutako “liburu txartelak” ere eskuratu daitezke

  Gipuzkoako 57 saltoki eta 12 antzoki atxiki dira Foru Aldundiak sustatzen duen kultura bonoen kanpainara. Bat egin duten saltokiek Kaixo Kultura ikurra izango dute. Erosketa bonuek 10 euroko hobaria izango dute, eta ikuskizunetarakoek, 15eurokoa. Bonuak apirilaren 15 arte erabili ahal izango dira, baina erositako lekuan soilik.Kontsumitzaileei ez ezik, profesionalei eta kultura sektoreko enpresei lagundu nahi zaie, BEZaren igoera pairatzen ari baitira.

  Oñatin, bi dira foru Aldundiaren ekimenera bildu direnak: Altuna eta Haritza liburu dendak. Altunan, euskarazko nahiz erderazko liburu, disko eta DVDak erosteko 40na bono jarriko dira eskuragarri. Haritzan berriz, erderazko materiala eskuratzeko 10 bono. Izan ere, Haritzan, Eusko Jaurlaritzak babesten duen Liburu Txartelak ere eskaintzen baitira. Gogoratu, Euskal Herriko idazleek argitaratutako euskarazko edo gaztelerazko liburuetan 30 euroko erosketa eginez gero, 12 euroko balioa daukan Liburu Txartela eskuratzen dela. Liburu txartela eskuratzeko azken eguna ordea, abenduaren 9a izango da.

  Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako kultura bonoetara itzuliz, esan 7.000 euroko partida bideratuko dela liburu eta diskak eskuratzera.  Erdia, euskarazko produktuetarako eta beste erdia, beste edozein hizkuntzatakoak eskuratzeko. Bonuak apirilaren 15era arte erabili ahal izango dira, baina erositako saltoki berean soilik. Dendetako bonua 20 eurotan jarriko da salgai, eta horrekin 30 euroko erosketa egin ahal izango da. Bonuarekin ezingo dira testuliburuak eta liburu profesionalak erosi. Bonu bat bakarrik erabili ahal izango da tiket bakoitzeko.

  Ikuskizunetarako bonuak kanpainari atxikitako antzokietan erosiko dira 25 euroan, horren truke onuradunak nahi dituen sarrerak erosi ahal izango ditu, 40 euroko benetako baliora iritsi arte. Bonu horiek ere erositako antzokian erabiliko dira, lurraldea kulturaren inguruan egituratzeko. Oñatiko Santa Ana aretoa ez da atxikitu Foru Aldundiaren ekimenera, bai ordea Jaurlaritzarenera. Hala, hiru ikuskizunetara joanda laugarren batetarako 12 €ko balioa duen bonoa jasoko dugu.

Iturria: Oñati Irratia

Dendetan ikusiko den irudia