Desgaitasunak dituzten pertsonen eskubideak aztertzen ari dira Lege Soziologia Institutuan

2019/07/18
Card image cap
Gaitasun juridikoa aitortzeko eskubidea da gaur hasi den mintegiaren ardatza

  Aniztasun funtzionala duten pertsonek berez badute gaitasun juridikoa nahiz eta sarritan ukatu egiten zaien, mintegiaren koordinatzaileek adierazi dutenez. Giza eskubideetatik eratorritako Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen Nazioarteko Konbentzioak bultzada garrantzitsua eman zion gaitasun juridiko eskubideari nazioarte mailan, eta arau ikuspuntuetan eta lege testuinguruan aldaketa esanguratsuak sustatu zituen. Baina teoriatik praktikara desgaitasuna duten pertsonen eskubideak nola islatu eta gauzatzen diren aztertzen ari dira unibertsitate zaharrean gaur goizaz geroztik. Hainbat herrialdeetako egoera ere azalduko da, Eskozia, Finlandia, Irlanda edo Espainiakoa kasu.

  Aniztasun funtzionala duten pertsonekiko jarrera oso paternalista izaten da sarritan, baita lege eta arauen aldetik ere. Baina pertsona hauek eskubide juridikoen subjektu dira eta hala eskatzen dute, bai eurek, baita zuzenbide arloko adituek ere. Espainiar estatuan adibidez desgaitasun intelektuala edo kognitiboren bat duten pertsonek  bozkatzeko eskubidea murriztua izan dute urteetan. Desgaitasun intelektuala, buruko gaixotasuna edo kalte kognitiboa zuten ia 100.000 herritarrek iaz eskuratu zuten bozka emateko eskubidea, urteetan judizialki hartarako gai ez zirela onartu eta gero. Halako eta antzerako eskubide murrizketaz eztabaidatzen ari dira Lege Soziologia institutuan bildu diren 21 adituak, Erresuma Batua, Irlanda, Finlandia, Suedia eta Indiatik etorri dira.

  Gaurko 2019ko egitarauari dagokion azken aurreko mintegia da Lege Soziologia Institutuan. Azkena,  datorren astelehen eta asteartean egingo da eta gazteen indarkeria izango du gai nagusi.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!