turismoa

Dena martxan da, apirilaren 6 eta 7an, Euskal Herriko itzulia Oñatin arrakastaz amaitu dadin.

2012/03/22
Card image cap

  Euskal Herriko itzulirako prestaketa lanak hasi dira. Txirrindulariek zeharkatuko dituzten kale eta errepideetan oztopoak kendu eta konponketak egingo dira. Lasterketa egunetan, aparkalekuak eta trafikoa mugatuko dela adieraziz jakinarazpenak jartzen hasi dira eta larrialdietarako protokoloak zehaztu dira.

  Bi aste besterik ez dira falta Euskal Herriko txirrindulari itzulia Oñatira iritsi dadin. Halako ekitaldi handi bat ondo irten dadin, faktore asko hartu behar dira kontutan eta neurriak ere aurrez zehaztu eta jakinarazi behar dira.

  Errepideei dagokionean, esaterako, erdiguneko kautxozko badenak kendu dira jada. Euskadi Etorbidean jarritakoak dira une honetan dauden bakarrak. Horiek, azken orduan kenduko direla jakinarazi digu udaltzain buruak. Zubillagan txirrindularientzat arriskutsuak diren porlanezko badenak bestalde, pitin bat leunduko dira.

  Bestelakoan, errepideetan ikusi diren zuloak tapatzeko, solte dauden adokinak konpontzeko eta pinu-hondarrez eta hostoz zikin dauden auzo-bideak ere behar bezala garbitzeko agindua eman da.

  Aparkalekuei dagokienean berriz, apirilaren 6an, Euskadi Etorbidea eta inguruko kaleak, Kurtzebide, Moiua eta Errekalde auzuneko behekaldea, autoz garbi egon beharko dira, baita, Aita Lizarralde eta Patrue kale ere.

  Zapatuan, aparkatzeko debekua duen gunea zabaldu egingo da, Lizaur edota Kale Zaharretik Kanpantxora bitartean. Baita Foruen Enparantza ondoko aparkalekura edota Errekalde eta San Lorentzoko hainbat guneetara. Alternatiba moduan, ETEO eta hainbat industrialdeko aparkalekuak irekiko dira. Baina aparkalekuen gaiari dagozkion xehetasunak, bebarruetan udaltzaingoak jarri dituen informazio orrietan jaso dira. Baita, zirkulazioa eten eta errepide mozketak ere. Aipagarria da, itzuliari amaiera emango dion erlojupekoa egin dadin, apirilaren 7an, Olabarrieta eta San Prudentzio arteko zirkulazioa arratsaldeko ordu baterako eten egingo dela. Arratsalde horretan, Oñatira sartzeko bide bakarra Udanatik behera datorrena izango da. San Prudentziotik aurrera ezin izango da etorri. Horren berri ematen duten kartelak, datorren astean bertan jarriko dira, San Prudentzioko errontonda inguruan.

  Eten hauek autobus publikoaren zerbitzuari ere eragingo diote. Apirilaren 6 eta 7an, esaterako, Euskadi Etorbideko autobus geltokia Bidaurretara eramango da. Eta Euskadi Etorbideko zabor ontzi eta gainerako edukiontziak ere lekuz aldatuko dira. Honen inguruko xehetasunak ere, portaletan jarri diren oharretan zehaztu da.

  Zapatua izango den apirilaren 7an bestalde, goizeko azoka ohikoa baino murritzagoa izango da. Santa Marinan izaten diren saltzaileei ez etortzeko esan zaie eta plazako azoka-gunean egoten direnei, lehenago amaitu eta jaso dezatela.

  Bitartean, larrialdiren bat gerta daitekeela eta, hartarako protokoloa ere zehaztu da eta horren berri, suhiltzaile, ertzain eta 112 larrialdietako arduradunei eman zaie.


Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!