Degurixako kanpaldia asteburuan egingo da

2017/07/18
Card image cap
BEHAR ZANA elkarteak antolatzen duen ekintza berezi honetan Oñatiko 3 gaixok parte hartuko dute

  Hilaren 22tik 24 egingo da aurten Degurixako kanpaldia, ezgaitasun psikiko edota fisikoa duten gaixoei zuzendutako kanpaldi berezia. Urbian eta Debagoieneko lagun talde baten ekimenez hasi zen kanpaldia, Degurixara pasatu zen hasi eta urte gutxira, eta egun, Urola Garaia nahiz Donostialdeko lagunek ere parte hartzen dute. Ez egonaldian bakarrik, baita antolakuntzan ere. Iaz, aspaldiko partaidetzarik handiena izan zuen Degurixako kanpaldiak eta 80 lagun bildu ziren, azken egunean gainera, gehiago hurbildu ziren eta 105 lagun elkartu ziren.

  Dituzten muga fisiko eta psikikoak tarteko Degurixara hurbiltzeko zailtasunak dituzten lagunei zuzendutako ekintza da kanpaldi hau. Bertako lagun batek utzitako txabola sukalde eta jangela moduan erabiltzen dute, eta zelaian, lotarako denda bereziak nahiz norberak eramandako denda txikiak muntatzen dira. Lagunekin egon, eta jokoak eginez, dantzalditan parte hartuz edo kantuan, egun atseginak pasatzen dituzte Degurixan. 

  Bertarako joan-etorria todoterrenotan egiten da, eta alde horretatik, deialdi berezia egin nahi dute Oñatiko antolatzaileek gaixoen garraioan lagundu nahi duten gidariei zuzenduta. Horixe baita azken urte hauetan buruhauste handiena ematen diena, ibilgailuak eta joan-etorria egiteko gertu dauden lagunak topatzea. Laguntzeko gertu daudenei Jose Ignacio Balzategirekin, Balmarekin harremanetan jartzea eskatzen zaie. Zapatuan, 10:00tan Ibarratik, Guardia Zibilen kuartel aurrealdetik, irtengo dira oñatiarrak Degurixarantz.  Kanpaldia astelehen arratsaldera arte luzatuko da nahiz eta zenbait lagun domekan jaitsiko diren, Gureak-eko tailerretan astelehena lan egin baitute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!