Debagoieneko XVI. jardunaldi gastronomikoak

2014/02/20
Otsailaren 21etik Apirilaren 27ra Debagoieneko XVI. jardunaldi gastronomikoak martxan, etor zaitez gurera eta dastatu bildotsa, Debagoieneko ardi esnekiak eta peilak izango dituzten jatetxe hauen menuez gozatzera!

Herriko hiru jatetxe, beste horrenbeste artzain eta  Gomiztegi  baserriaren parte hartze zuzenez egingo dira Debagoieneko XVI. Gastronomia Jardunaldiak. Hauen baitan antolatu den Artzainen hirugarren azoka Bergaran ospatuko da zapatuan.

  Mankomunitateko turismo departamentuak sustatutako gastronomia jardunaldi hauek eskaintza sendoa dira bost urteko ibilbidearen ondoren. Eskualdeko jatetxeen menu berezien eskaintza izatetik, bisita gidatu, aurkezpen-dastaketa saio eta artzainen azokarekin borobilduz joan da ekitaldiz ekitaldi.

  Bihar hasi eta apirilaren 27ra arte luzatuko diren XVI. jardunaldi hauetan, eskualdeko 7 jatetxek parte hartzen dute. Oñatin, ohikoak diren Etxe Aundi, Goiko Benta eta Zumeltzegi hotelarekin batera, Arrasateko Hilarion eta Santa Ana, Bergarako Lasa eta Elgetako, Maialde hotela daude. Guztietan, bildotsa, Debagoienako ardi esnekiak eta peilak oinarri duten menu bereziak eskainiko dira. Prezioa ere, berezia izango delarik.

  2012an jada, jardunaldien antolatzaileak eskualdeko artzainekin  lankidetzan hasi ziren eta horren haritik Debagoieneko Artzainen lehen azoka egingo zen Arrasaten. Iaz Oñatin bigarrena ospatu zen eta hirugarrena, etzi zapatuan Bergaran izango da. Azokan eskualdeko zazpi gazta ekoizlek parte hartuko dute, tartean, Oñatiko: Aldai, Azkarreta eta Gomiztegik. Amaia Diaz de Monasterioguren ere Bergaran izango da etzi, familiei zuzendutako “Goazen gorasia prestatzera” tailerra gidatu eta dinamizatzen. Diaz de Monasteriogurenek berak gidatuta, martxoaren 18an, “etorri garaiko frutak eta barazkiak ezagutzera” hitzaldi tailerra egingo da Aretxabaletan.

  Baina bestelako tailerrik ere izango da jardunaldi hauetan: martxoaren 5ean, Goiko Benta jatetxean frikatza, gatzatua eta entsalada prestatzeko sukaldaritza tailerra egingo da, martxoaren 19an Zumeltzegi hotelean, bildots menestra, gatzatua eta natillak prestatzekoa eta apirilaren 2an, Etxe Aundin, peilaz beteriko krepak eta goxua prestatzen ikastekoa. Horiek Oñatin egingo direnak, baina jardunaldietan parte hartzen duten beste lau jatetxeetan ere tailer bana egingo da martxoan zehar.

  Bestalde, gastronomia eskaintza turistikoarekin lotzeko asmoz, bisita gidatuak ere egin ahal izango dira hainbat baserri ezagutzeko. Gurean, Gomiztegi baserrira astebururo bisitak antolatu dira.

  Bihar hasiko diren Debagoieneko XVI.jardunaldi gastronomiko hauek aurkeztuz, Arrasaten gaur propio prestatutako pintxoak dastatu ahal izango dira. Jardunaldi gastronomiko hauek, apirilaren 27ra arte luzatuko dira.

Iturria: Oñati irratia

Informazio gehiago

Albiste erlazionatuak