Debagoieneko pentsiodunen manifestazioa Oñatin egingo da, irailaren 30ean

2019/09/17
Card image cap
Nagusien Egunari dagokion eskualde mailako ekitaldia izango da

  Astelehenak pentsionista eta jubilatuen aldarrikapenerako elkarretaratze-egun bihurtu dira Euskal Herriko txoko askotan, baita Oñatin eta Debagoienean ere. Horregatik, berez urriaren 1ean ospatuko den Nagusien nazioarteko eguna aurreratu eta irailaren 30ean, astelehenarekin ospatzea erabaki da Euskal Herrian. Oñatin, San Migel bixamona da bestalde, irailaren 30a. Guztia bat eginez, egun horretan Debagoieneko pentsiodunak Oñatin elkartu eta manifestazioa egitea erabaki dute eskualdeko pentsiodunen mugimenduetako ordezkariek.

  Gaia orain hilabete eta erdi hasi ziren lantzen. Abuztuaren 27an Lagun Leku elkartean egin zen bileran, astelehenetako elkarretaratzeei beste ukitu bat emateko aukera eztabaidatu zen. Elgoibarren egindakoa eredu hartuta, jaietan, manifestazioa egitea proposatu zen. Ideia eskualdeko beste herrietara eraman zen, gonbidapena Debagoiena osora zabaltzeko asmoz. Hala, pasa den ostiralean batzarra egin zen Pake Leku elkartean eta Debagoieneko pentsiodunen manifestazioa egitea erabaki zen. Batzarrean, Oñatiko Pake Leku, Lagun Leku eta Duintasuna taldeetako ordezkariez gain, Bergara, Antzuola eta Arrasteko ordezkariak elkartu ziren.

  Irailaren 30ean, San Migel bixamon egunean, 13:00tan Nafarroako jotak iragarrita daude jai egitarauan. Adineko pertsona asko bildu ohi da emanaldirako plazan. Hori gogoan, Debagoieneko pentsiodunen manifestazioa 12:00tan hastea erabaki da. Asteleheneroko elkarretaratzeetan egiten diren aldarrikapenak errepikatuko dira: 1.080 euroko pentsioa ziurtatzea, genero bereizkeriarik gabe; pentsio sistema publikoa eta KPI errealaren araberako igoera legez bermatzea.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!