Debagoieneko ospitale berriko larrialdiak larunbatean hasiko dira lanean.

2012/06/14
Gainontzeko zerbitzuak berriz, astelehenean, ekainak 18an.

  Zapatuan goizeko 08:00etan irekiko dira Debagoieneko ospitale berriko ateak gaixoentzat. Larrialdi zerbitzua izango da irekiko den lehena. Asteburu honetan jada, larrialdietara doazen eskualdeko gaixoak, ospitale berrian artatuko dituzte. Larrialdi zerbitzurako sarrera, eraikin berriaren atzekaldean dago, olatu forma duen aterpean. Asteburua aprobetxatuko da bide batez, ospitale berrian eskainiko diren gainontzeko zerbitzuak lekuz aldatzeko, astelehenean jada, ospitale berriko instalazio guztiak irekiko baitira.

  Leku aldatze horretan ospitalean ingresatuta dauden gaixoak ere eraikin berrira eramango dira. Zapatu goizean zehar egingo da gaixoen leku aldatze hori. Hauek bisitatzera doazen senitarteko eta lagunak beraz, ospitale berrira joan beharko dute baina Nafarroa Etorbidetik dagoen sarrera nagusia erabiliz. 
Asteburuan zehar bestalde, bloke kirurgikoa eta erditze gelak zabalduko dira. Baina ospitale berriko instalazio guztiak astelehenetik aurrera martxan jarriko dira.

  Ospital berriak, lau solairu, sarrerakoa eta bi soto ditu. Lurrazpiko bigarren solairu horretan egokituko da hain zuzen ere, ospitaleko aparkalekua. Lehen sotoan berriz, sukaldea, botika, lentzeria eta esterilizazio zerbitzuak kokatuko dira. Sarrerakoan, harrera nagusiaz gain, larrialdiak, eskaner eta radiologia eta etxeko ospitalizazio zerbitzuak izango dira.

  Lehen solairuan, erditze gelak, eguneko ospitale zerbitzua, kirofano eta endoskopia gelak eta ebakuntza ondorengo unitatea kokatuko dira. Bigarrenean, medikuen bulegoak eta gaixoen gelak izango dira, hirugarrenean, barne medikuntza zerbitzua, bulego eta gaixo gela gehiago eta laugarrenean, pediatria, ginekologia eta erditu berrien gelak.

  Debagoienako ospital berria asteburutik aurrera jada gaixoentzat ireki eta erabiltzen hasiko den arren oraindik ez da ofizialki inauguratuko. Ekitaldiara gonbidatu diren arduradun politikoen agendak lotzen ari dira. Bitartean, eskualdeko 1.500 lagun inguruk instalazio berriak bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte, ireki aurreko hiru astetan bisita gidatuak egin baitira.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!