Baserri ingurunean sortutako plastikoaren urteko bilketa egutegia zehaztu da

2019/01/04
Urtarrilaren 23an egingo da lehena

  Debagoieneko Landa Garapena elkarteak orain 18 urte ekin zion baserri ingurunean sortutako plastikoa batzeari. Urte sasoiaren arabera, eta ganadua itoian dagoen edo zelaira bazkatzera ateratzen denaren arabera, baserri inguruetan plastiko gehiago edo gutxiago batzen da. Bilketa egunak 9 izatera pasa ziren 2017an, aurrez, 8 baitziren, eta aurten ere 9 bilketa egun zehaztu dira. Beti ere, hautatutako hileko laugarren asteazkenean, abenduan izan ezik. Abenduko azken asteazkena hilaren 25a izango denez, astebete aurreratu baita bilketa.

  Ganadua barruan eta ondorioz, boletan gorde den belarraz bazkatzeko garaia den udazken-neguko hilabeteetan bilketa hilero egiten da. Hileroko bilketa horiek irailetik martxora bitartean egitea aurre ikusi da. Udaberri-uda garaian berriz, ganadua kanpoan, zelaian bazkatzen denez, bilketa bi hilean behin egiten da. Horrela bada, 2019ko plastiko bilketen egutegia zehaztuta dago: Urtarrilaren 23an, otsailaren 27an, martxoaren 27an, maiatzaren 29an, uztailaren  24an, irailaren 25ean, urriaren 23an,  azaroaren 27an eta abenduaren 18an egingo dira. Aipatutakoak bilketa egunak dira, baina plastikoa, aurreko arratsaldean ateratzea eskatzen da.

  Bilketa hauetan ez da belar boletako plastikoa bakarrik batzen. Baserrian pilatzen den negutegiko plastikoa eta bestelako plastiko hondakin guztiak jasotzen dira.  Garrantzitsua da plastikoa ahalik eta garbien ateratzea. Horregatik, landa garapena elkartetik, baserritarrei ahalegina egitea eskatzen zaie eta negutegietan edo ortuetan erabili den plastikoa ahalik eta lur gutxienarekin jaso eta ateratzea eskatzen da. Plastikoa inguruetan barreiatu ez dadin bestalde, lotuta ateratzea ere eskatzen da.

Iturria: Oñati Irratia