Debagoieneko IV. Txakolin Eguna, Elgetako Ferixa Nagusixan ospatuko da domekan

2016/06/29
Jose Antonio Azpiazu eta Jerardo Elortzak “Txakolina eta Debagoiena” hitzaldia egingo dute

Oñatiarrek partaidetza esanguratsua izango dute domekan, Elgetan izango den Debagoienako IV. Txakolin Egunean. Eskualdean ekoitzi eta Getariako Txakolinaren Jatorrizko izendapena duten hiru txakolin dastatzera emango dira, Arrasateko Otxia eta Oñatiko Upaingoa eta Murgialdai. Eta ospakizunaren baitan antolatu den hitzaldia, Jose Antonio Azpiazu eta Jerardo Elortza oñatiarrek emango dute.

  Debagoieneko IV. Txakolin Eguna Elgetako jaiei amaiera emango dien Ferixa Nagusixaren baitan antolatu da.
10.00etatik aurrera, OTXIA, UPAINGOA eta MURGIALDAI txakolinak dastatu eta erosi ahal izango dira. 12:00etan Txakolina eta Debagoiena hitzaldia eskainiko dute Jose Antonio Azpiazu eta Jerardo Elortzak. Ondoren, eta Txakolin Eguna osatzeko, aditu batek gidatutako kata egingo da. Guillermo Castaños enologoaren eskutik, txakolin desberdinen ezaugarriak ezagutu eta hauek bereizten ikasteko dastatzea egingo da.

  Debagoieneko IV. Txakolin Eguna, garaiko eta bertako produktuak sustatzeko helburuarekin antolatu dute Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Departamentuak, Deba Garaia Landa Garapenerako Elkarteak eta Elgetako Udalak.

Iturria: Oñati Irratia

Murgialdairen erakuslekua iazko Txakolin Egunean