Debagoieneko III. postre lehiaketa antolatu da Jardunaldi Gastronomikoen baitan

2017/11/13
Card image cap
Gaur da izena emateko azken eguna

  Mankomunitateko turismo sailak, Deba Garaia landa garapenerako elkarteak eta Arrasateko udalak antolatu dute postre
lehiaketa hau. XXVII. Jardunaldi Gastronomikoen baitan antolatu da eta larunbateko Arrasateko baserritarren azoka bereziarekin batera ospatuko da.

  Postreak egiteko bertako produktuak erabili beharko dira, gutxienez, honako osagaietatik bi eduki beharko ditu: urrak, intxaurrak, gaztainak, sagarrak, kalabaza edota eztia. Tamaina handiko postreak aurkeztu beharko dira, 6-8 lagunentzako, eta epaimahaikoek dastatu eta baloratu ondoren, jendearen artean banatuko dira.

  Debagoieneko III. postre lehiaketan bi kategoria berezitu dira, adinaren arabera: 12-17 urte bitartekoak eta 18 urtetik gorakoak. Parte hartzeko, batzuek zein besteek, izena aurrez eman behar dute. Gaur da hain zuzen ere, izena emateko azken eguna. Izena Debagoieneko turismo sailean eman behar da: turismo@debagoiena.eus helbidean. Izen-emate bakoitzeko postre bakarra onartuko da. Behin izena emanda, postreak, larunbatean, 11:00etan Arrasateko Sebero Altube plazan aurkeztu behar dira. Norberak egindako postreak izan behar dira, gazteek, taldeka parte hartu ahal izango dutelarik. Postrearekin batera, bere errezeta eta egilearen datu pertsonalak aurkeztu beharko dira sobre itxi batean.

  Epaimahaia  sukaldari eta gozogileez osatuko da eta zaporea ez ezik, itxura eta originaltasuna baloratuko dute.
Heldu nahiz gazteetan, hiruna sari banatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!