Debagoieneko Gurutze Gorriak bukatutzat eman du jostailu berrien bilketa kanpaina

2016/01/08
105 familia eta 192 haurren ametsak bete dira, tartean, Oñatiko 49 neska mutikorenak

  Gurutze Gorriak, Gabonetako jostailu berrien kanpaina amaitutzat ematearekin batera, parte hartu duten guztiak eskertu nahi ditu, bai lagundu dieten boluntarioak, jostailuak eman edo jostailu-txekeak erosi dituzten herritarrak eta baita diru laguntzak eman dituzten enpresak ere, bereziki Arrasateko Eroski Hipermerkatua, bere instalazioak erabiltzen uzteagatik.

  Gabonetako jostailu kanpaina honetan Debagoieneko Gurutze Gorria eta Oñatiko Oinaztu aisialdi taldea elkarrekin aritu dira lanean. Hauek, jostailuak bildu eta banatu dituzte baina beharra zutenak identifikatu ahal izateko, eskualdeko udalen laguntza izan dute. Gizarte bazterketa arriskuan dauden familien berri udaletako gizarte zerbitzuek eman diete. 105 familia eta 192 haurren ametsak bete dituzte, tartean, Oñatiko 49 neska mutikoenak. Eskaera horri erantzun ahal izateko, 120 jostailu berri jaso zituzten eta gainontzeko 72ak, donazio eta jostailu txekeen bitartez lortutako diru laguntzaz erosi ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Kanpainan bildu diren jostailuetako batzuk