Debagoieneko artilea Bergarako Epele zabortegian bilduko da, uztailaren 22an

2020/07/14
Aurtengo antolakuntzan sektorearen inplikazio zuzena izan da

  Uztailaren bigarren hamabostaldian egingo da artile bilketa Gipuzkoako eskualde guztietan. Eskualdeka bost bilketa puntu zehaztu dira eta lau egunetan, sei bilketa egingo dira.

  Artilea arazo bihurtu da azken urteetan baserritarrentzat. Garai batean zuen balioa galdu du erabat eta berrerabilera txikia duenez inork ez du hartu nahi. Artilea balorizatzeko irtenbideak aztertzen ari dira, etorkizunean baliozko baserri-produktu izan dadin berriro.

  Proiektu horiek gauzatzen diren bitartean, Foru aldundia eta sektoreko hainbat eragile elkartu dira,  Gipuzkoan artile bilketa nola egin antolatzeko. Bilketa zerbitzua ahalik eta modu sinple eta merkeenean egiteko prozedura landu eta adostu dute. Aurtengo antolakuntzaren ezaugarria sektorearen inplikazio zuzena izan da. Hala, Gipuzkoako Foru aldundiarekin batera, Lurgintza eta Abelur elkarteak, eta Landaola, Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioa elkarlanean ari dira.

  Gipuzkoan bost bilketa puntu zehaztu dira eskualdeka; Idiazabal, Asteasu, Azpeitia, Berastegi eta Bergaran egingo dira bilketak. Debagoieneko artzain eta baserritarrek, Begarako Epele zabortegira eraman beharko dute artilea, uztailaren 22an. Aurrez dena den, telefonoz deitu beharko dute zenbaki honetara: 696 433 602. Bertan jakinaraziko zaie zein ordu eta tokitan entregatu beharko duten.

  Gipuzkoan batutako artilea Nafarroara eramango da konpost egiteko. Beste erabilerarik topatu bitartean, ekonomia zirkularra sustatuko da.

  Eramaten duten artilea erretiratzeagatik ordaindu egiten dute artzainek. Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak kostuaren zati bat ordainduz lagunduko du.

Iturria: Oñati Irratia