Debagoienan taxi tarifak bere horretan mantenduko dira datorren urtean

2015/12/29
Card image cap
Gipuzkoako Taxisten Elkarteak egindako proposamena onartu du Udalak

  AGITAX elkarteak urtero aurkezten ditu Debagoienan aplikatuko den tarifa bateratuaren proposamena Mankomunitateko Udalek onartu dezaten. 2016rako ez da igoerarik aurre ikusten eta ondorioz, amaitzear dagoen urte honetako tarifak bere horretan jarraituko dute.

  Taxi tarifetan, astelehenetik ostiralerako eguneko tarifa eta asteburu, jaiegun eta gauetako tarifa bereizten dira. Bi kasuetan, abiasaria berdina da, 3.51 €, baina egindako kilometro eta itxaron ordu bakoitzeko prezioa ezberdina da, ia % 60 garestiagoa, asteburu, jaiegun eta gauetako tarifan. Kopuruak emanda, egindako kilometro bakoitzeko prezioa, 7.00etatik 22.00ak bitartean, 1.1 € da eta gauez eta asteburu eta jaiegunetan berriz, 1,75 €. Itxaron ordua berriz, eguneko tarifan 21 € den bitartean, gau eta jaiegunetan, 33 € da. Baina horrela da aurten eta hala izaten jarraituko du 2016an ere, taxistek beraiek indarrean dauden tarifak mantentzea proposatu baitute. Oñatiko Udalak ontzat eman du AGITAXen proposamena halaxe jakinaraziko zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortsun Sailari.

  Taxi kontuekin jarraituz, esan bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko taximetroak egiaztatzeko prozedura arautzekotan dela Eusko Jaurlaritza. Hala jakinarazi dio Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak Udalari. ENAC-ek, akreditazioez arduratzen den estatu erakundeak taximetroak egiaztatzeko erakunde ofiziala izendatu bezain pronto hasiko dira taximetroak errebisatzen. Udalean jaso den jakinarazpenaren arabera, egiaztapen horiek taxi geralekuetan eta GPS teknologia erabiliz egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!