Debagoienako XX. jardunaldi gastronomikoak uztailaren 26ra arte luzatuko dira

2015/07/14
Card image cap
Hegaluzea, txakolina eta fruitu txikiak oinarri dituzten menu bereziak eskainiko dira eskualdeko sei jatetxetan

  Oñatiko Etxe Aundi eta Goiko Benta, Arrasateko Hilarion eta Santa Ana, Bergarako Lasa eta Elgetako Maialde Hotela dira jardunaldietan parte hartzen duten jatetxeak. Baina garaiko eta bertako produktuak dastatzeko aukeraz gain bertako produktu horien ekoizpena ezagutzeko bidea ere eskaintzen da jardunaldi gastronomiko hauen baitan. Hala, Txokolateixara, Leintz Gatzagako Gatz Museora edota Gomiztegi baserrira eta bertatik euskal artzainen ibilbideak egiteko bisitak antolatzen dira. Baita Antzuolako Lapatza eta Aretxabaletako Mendibitzu baserrietara ere. Bisita gidatuak aurrez eskatu behar dira, 943 796463 Mankomunitateko Turismo Departamentura deituz.

  Dagoeneko hogeigarrenera iritsi diren Jardunaldi Gastronomiko hauetan tailer praktikoak ere antolatu dira: uztailaren 18an eta Arrasateko hirugarren larunbateko azokarekin bat etorriz, familia osoari eskainitako tailerra egin ahal izango da Garaionek gidatuta eta 21ean berriz, Ausolanen eskutik udako entsaladak eta musak prestatzen ikasteko sukaldaritza tailerra emango da Aretxabaletako Otalora Jauregian. Bigarren tailer honetan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da.

  Eskaintza gastronomikoa osatuz bestalde proposamen kultural berezia jaso da jardunaldietan, uztailaren 18an, Antzuolan, Mairuaren alardea ospatuko dela azpimarratzen delarik.

  Debagoienako XX. jardunaldi gastronomiko hauek bi astez luzatuko dira, uztailaren 13tik 26ra arte. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!