Debagoienako Mankomunitateak enpresa berrien ekintzaileentzat formazio tailerrak antolatu ditu

2015/07/08
Izena emateko epea zabalik dago

  Zelan erakarri eta leialdu bezeroak, finantzak mikroenpresentzat eta komunikazio bisuala dira eskualdeko ekintzaile berriei zuzenduta Mankomunitateak datozen egunotan emango dituen formazio mintegiak. Lehena, betebehar fiskalei dagokiena, astelehenean egin baitzen. Tailer guztiek lau orduko iraupena dute eta goizeko 9.30tatik 13.30tara emango dira.

  Ostiralean, bezeroak erakarri eta leialdu edo fidelizatzeko teknikak landuko dira. Horretan, bezeroari arreta egokia eskaini eta beharretan asebetetzea zein garrantzitsua den azalduko da eta jaso daitezkeen kexen kudeaketa ona egitea ere azpimarratuko da. Etziko tailer hau gazteleraz emango da.

  Uztailaren 13an, finantza mikroenpresentzat gaia landuko da eta oinarrizko kontzeptuak argituta, kosteak eta salneurriak kalkulatzeko teknikak edo fakturak zelan egin eta BEZaren eraginaz azalpenak emango dira. Hurrengo ostiralean berriz, uztailaren 17an, komunikazio bisuala landuko da eta komunikazio kanalak nola hobetu denboraren kudeaketarako tresnak eta estrategiak sortzeko dinamika ezberdinak probatuko dira. Finantzak mikroenpresentzat eta komunikazio bisuala tailerrak euskaraz emango dira.

  Mankomunitateak antolatu dituen formazio mintegi hauek, enpresa ekimen berri bat martxan jartzekotan dauden debagoiendarrei edo autonomo edo mikroenpresa sortu berri dutenei zuzenduta daude. Tailerrak, goizez egingo dira eta Arrasaten, Mankomunitatearen egoitzan emango dira. Informazio osagarria edo izena eman nahi duenak bertara zuzendu behar du, Arrasateko Nafarroa Etorbideko 17an edo 943.793090 telefono zenbakian. Oñatin, Bidebarrieta kaleko 12an dagoen Udaleko Enplegu Zerbitzuan ere informazioa eskuratu ahal izango da.
Tailerrak dohainik dira baina izena eman behar da, plazak  mugatuak baitira.

Iturria: Oñati Irratia