Debagoienako Gurutze Gorriak, jostailu berriak jasotzeko kanpaina abiarazi du

2016/12/05
Gabonetan eskualdeko haur guztiek jostailu bat izan dezatela da helburua

  Debagoienako Gurutze Gorriak beren eskubideak jokoan lemapean jostailu bilketa kanpaina abian jarri du beste urte batez. Iaz egin bezala, jostailu berriak eskatzen dira eta ekimena Oñatiko Oinaztu aisialdi elkartearen laguntzaz gauzatzen ari dira. Helburua, Gabonetan, eskualdeko haur guztiek jostailu bat izan dezatela da.

  Jostailu berriak biltzeko ekintza ezberdinak antolatu dira: Gurutze Gorriko bolondresak eta Oinaztu taldekoak Arrasateko Eroski Hipermerkatuan egongo dira abenduaren 9, 10, 15, 16 eta 17an, hala nahi dutenek, jostailuak bertan utzi ditzaten. Jostailu txekeak ere jarriko dira herritarren eskura. Jostailu txeke hauek, 5, 10 eta 20 eurokoak dira eta horiek eskuratzean egiten den diru aportazioaz jostailuak erosiko dira. Beste bide bat ere badago jostailu kanpainan laguntzeko, Laboral Kutxan Debagoieneko Gurutze Gorriak duen kontuan dirua sartuz alegia. Kasu honetan, jostailu berria kontzeptua jartzea eskatzen da.

  Iaz, Oñatin jostailuak uzteko aukera zabala izan zen Oinaztu elkartekoek Eltzian hainbat egunetan bilketa egin zutelako. Aurten ordea, Eltziako lanek bilketa hori zaildu egin dute. Batutako jostailuak non gorde ere buru hauste bihurtu zaie Gurutze Gorrikoei, iaz Eltziako lokala erabili baitzuten. Baina zailtasunak zailtasun, Oñatin ere izango da jostailu kanpainarekin bat egiteko aukerarik, Oinaztu aisialdi elkartekoak  abenduaren 17an egingo den artisauen azokan egongo baitira. Jostailu berriak batu ez ezik, jostailu txekeak ere jarriko dituzte herritarren eskura.

  Helburua, Debagoienean, gizarte bazterkeria arriskuan aurkitzen diren 0-15 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat jostailu berriak eskuratzea da, Gabonetan, guztiek, jostailu bat gutxienez izan dezaten. Iaz batutako jostailuak 190 neska mutikoei banatu zitzaizkien. Aurten ere, antzerako kopurutan ibiliko direla aurre ikusten dute San Prudentzioko Gurutze Gorrikoek

Iturria: Oñati Irratia