Debagoienako enpresak EAEkoen buruan daude sare informatikoa eta web orriak izan eta merkataritza elektronikoan

2017/11/17
Card image cap
Web orria euskaraz dutenen artean bereziki nabarmentzen dira eskualdeko enpresak

  Eustat estatistika erakundeak informazioaren gizarte inkestan enpresek duten kokapena aztertu eta zabaldu du. 10 langile edo gehiago duten enpresen datuak jaso ditu eta Debagoienako enpresak buruan agertzen dira ekipamendu nahiz erabileran.
Interneterako konexioa, administrazioekiko harremanak, web orria eta hizkuntza, sare informatikoak  eta merkataritza elektronikoa aztertu ditu Eustatek. Eta atal gehienetan buruan daude Debagoienako enpresak.

  Sare informatikoen portzentajeak oso altuak dira orokorrean 10 langile baino gehiagoko enpresetan, erkidego osoan, bataz bestekoa ia % 93 baita. Debagoienan, ia puntu bat altuagoa da. Administrazio publikoekiko harremanetan internet erabilera ere altua da Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko enpresen artean,  ia % 95a. Debagoienako enpresak berriro nabarmentzen dira bataz besteko portzentajea ia bi puntutan gaindituz. Baina bereziki esanguratsua da eskualdeko enpresen kokapena euskaraz dauden web orrien kasuan eta merkataritza elektronikoaren erabileran. Web orria duten enpresen bataz bestekoa % 90a da, Debagoienan berriz, % 93.6 baina web orria euskaraz duten enpresen portzentajea dezentez txikiagoa da, % 50.4;  Debagoienean aldiz, nabarmen handiagoa da % 77.3. Merkataritza elektronikoan ere nabarmentzen dira eskualdeko enpresak, EAEko bataz bestekoa ia % 30a den bitartean, Debagoienakoa ia % 43 baita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!