Datorren urteko aurrekontuetarako herritarren proposamenak jasotzeko bideak aktibatu ditu EAJk

2017/10/27
Ekarpenak zuzenean, posta elektronikoz edo sare sozialen bidez helarazi daitezke

  2018ko udal aurrekontuen lanketaren harira, EAJren udal taldeak oñatiarren ekarpen, iritzi eta proposamenak ezagutu nahi ditu, aurkeztuko dituen ekimenak herritarren behar, eskaera eta iradokizunei erantzun diezaieten. Horretarako aurreko urteetan erabili izan dituen bideak aktibatu ditu berriro. Ekarpenak, Batzokiko buzoian utzi daitezke, helbide elektronikoz pnvonati.partaidetza@gmail.com era bidali edo Facebook eta Twitter sare sozialak erabiliz ere bai, bietan eajpnvonati izenean dauden kontuetara, eta zuzenean zinegotziei jakinarazita.  Ekarpenak gaurtik azaroaren 10a bitartean jasoko dira.

  Aurrekontuetako parte hartze prozesuan herritarrengandik iaz jaso zituzten proposamen ugari udal gobernuari aurkeztu zizkiotela gogorarazi du  EAJk eta horietatik zenbait  gauzatu direla ere azpimarratzen du, hara nola, ur txorroten parkea, enplegua eta ekintzailetasuna sustatzeko cowork edo lankidetza gunea, plazako frontoiaren argiztatzea eta abar.

  Herritarrak aurrekontuak zehazteko prozesuan parte hartzera gonbidatzen ditu EAJk, ekarpenak, taldeak aktibatu dituen bideetatik helaraziz.

Iturria: Oñati Irratia