Datorren urtean zerga ordenantza dagoenetan uztea, igoerarik ez aplikatzea proposatu du alkateak.

2014/09/23
Udal zerga eta tasak izoztea da eman den irizpide orokorra.

  Udaleko ordenantza fiskalak errebisatu eta udalak eskaintzen dituen zerbitzuengatiko tasak nahiz zergak eguneratzen hastear daude udaleko departamendu guztiak. Zerga ordenantza berria urtarrilaren 1ean indarrean sartu dadin, gaia, urriko Osoko Bilkuran onartu ohi da. Legez agintzen den jende agirian jarri, alegazio eta iradokizunetarako tartea eman eta halakorik balego erantzuteko epea bete dadin.

  Udal departamentuetako teknikoak dira lehenik, dagozkien udal tasa eta zergak errebisatu eta proposamen konkretuak Ogasun batzordeari aurkezten dizkiotenak. Zenbait kasutan, aplikatu daitekeen igoera udalaz haratago dagoen erakunderen baten erabakiak baldintzatu dezake, baina azken erabakia beti ere udalak hartzen du. Hondakinen bilketa prezioa izan liteke halako adibidea. Debagoieneko Mankomunitateak betetzen duen zerbitzua da baina udalak, herritarrei kobratzen diena. Horregatik, gertatu izan da udalak zuzenean kudeatzen dituen zerbitzuetako tasak hainbateko batean garestitu eta hondakinen bilketa beste maila batean garestitu izana. Azken urteetan dena den, ez da halakorik izan eta udalak eta mankomunitateak aplikatu duten igoera portzentajearen arteko desfasea udalak hartu du bere gain. Datorren urteko hondakin bilketaren tasan zer gertatuko den ez dakigu, mankomunitateak oraindik ez baitu ordenantza fiskalak zehazteko irizpide orokorra finkatu, baina udalak bai, eta printzipioz, daudenetan, igoerarik gabe mantentzea proposatu da.

  Udal ordenantzak  zehazterakoan, Oñatin normalean, urte arteko KPI edo kontsumo prezioen indizea aplikatu izan da. Iazko abuztutik aurtengo abuztura bitarteko Hego Euskal Herriko KPIa negatiboa izan da. Kontsumo gaien prezioak, aurreko urtean baino merkeago zeuden abuztuan. Ondorioz, udal gobernu taldeak zerga ordenantza izoztea proposatu zuen pasa den asteko bileran.

  Ez da lehen aldia, Bilduko gobernu taldeak ordenantza fiskalak bere horretan uztea erabakitzen duela. Iaz ere, ez zen igoerarik aplikatu eta 2013an aurreko urteko maila berean mantendu ziren udal zerga eta tasak. Beti ere salbuespen batzuekin. Orduko hartan, erabakia, krisi garaia kontutan hartuta egoera ahulenean zeuden gizarte sektoreak ez kaltetzearren hartu zela adierazi zen. Oraingoan, negatiboa den urtearteko KPIak eraman du gobernu taldea zerga ordenantzak izoztera. Baina, irizpide orokor hori apurtzen duten  salbuespenak ere izan daitezke. Horiek, datorren hileko Osoko Bilkuran ezagutuko ditugu.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!